Beneditarren lana susmopean
Beneditarren liburuzain Juan Joxe Agirre ordu batzuz atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta kargurik gabe aske utzi. Argi Berri elkarteko mus txapelketak 1.200 euroko saria eskaini zuen.
Larunbata egokitu zen otsailaren 12a duela 15 urte. Albiste nagusia Lazkaotik zetorren, Juan Joxe Agirre fraile beneditarraren atxiloketarekin. Aurreko egunean Guardia Zibilak ordu batzuz atxilotuta eduki zuen komentuan bertan liburutegiko arduraduna, ETArekin zerikusia zuelakoan. Kargurik gabe aske utzi zuten, baina atxiloketak haserrea eta tentsioa eragin zuen herrian. Hainbat politikari ere hurbildu zen bertara, Agirreri elkartasuna adieraztera.
Beste era bateko albisteek osatu zuten duela 15 urteko HITZA. Ordiziako Argi Berri elkarteko mus txapelketa egun hartan jokatzekoa zela ere jaso zuen egunkariak; 1.200 euroko saria zen jokoan.
Zeraingo berri ere ageri zen, Larraondoko zerrategiari eskainitako erreportajearekin. Uraren indarrarekin funtzionatzen zuen zerrategiak bisitari ugari erakartzen zituen garai hartan; martxan ikusteko aukera ere eskaintzen zuten, bisitarekin batera, herriko turismo bulegotik.
Zumarragako Udalak pinuaren nagusitasunari aurre egiteko baserritarrekin hasitako kanpaina, ibaien egoeraren berri ematen zuen Ibaialde erakusketa, Beasaingo Murumendi eskolako kultur astea eta Loinatz jaietarako kartel lehiaketa eta Legazpin Primitiva zozketak utzitako milioitik gora euroko saria izan ziren 2005eko otsailaren 12ko gainerako albisteak.