Markel Iglesias garaile Gipuzkoako Neguko Txapelketan, Bergaran
Ane Iturriozek zilarrezko domina lortu du 200 metrokoan. Ordiziako taldeko hogei igerilarik hobetu dituzte haien marka pertsonalak
Bergarako kiroldegian jokatu zen asteburuan Gipuzkoako infantil, junior eta absolutoen neguko txapelketa eta bertan izan dira, Ordiziako taldeko 12 igerilari, emaitza oso onak lortu zituzten gainera.
Nabarmentzekoa, Markel Iglesiasek egindakoa. Igeriketa egokituan garaile izan zen eta txapela eta koparekin bueltatu zen etxera. Nesken artean, Ane Iturriozek egindako lanak azpimarra merezi du. Zilarrezko domina jantzi zuen, bere kategoriako 200 metro estiloan.
Gainera, 20 marka pertsonal hobetzea lortu zuten Ordiziako igerilariek eta infantil mailako Euskal Herriko Udako Txapelketarako sailkatu ziren Endika Mate eta Aitor Diaz, 200 metroko estiloen proban.
Beste batzuk
Bergarakoaz gain, beste hitzordu bat ere izan zen asteburuan, Andoaingo Allurralde kiroldegian, Gipuzkoako Neguko Saria jokatu baitzuten. Aimar Agirre, Urko Gonzalez, Mikel Unanue, Nahia Garro, Ixiar Barandiaran eta Laida Samaniego izan ziren bertan, Ibon Soto entrenatzailearekin. Bost marka pertsonal ondu zituzten.
Bestalde, Gipuzkoako selekzioarekin entrenamendua egin zuten alebin mailako Mikel Merinok, Xiker Etxeberriak, Daniel Triscak eta Oier Makibarrek.