Martxoaren 1a arte zabalik dago Ahoz aho lehiaketan parte hartzeko izen ematea
Intujai Teatrok antolatutako ahozkotasunaren jaialdiaren barruan egingo dute lehiaketa. Aurtengoa, lehiaketaren zortzigarren edizioa izango da eta martxoaren 7an hasiko da
Ahoz-aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia martxoan ospatuko da eta horren barruan, narrazio lehiaketan parte hartzeko aukera izango du nahi duen orok. Lehiaketaren gala handia eta aurtengo irabazleen aukeraketa, martxoaren 27an egingo dute, Ordiziako Barrena Kultur Etxean. Izen emate epea zabalik dago datorren martxoaren 1a arte.
Beste behin ere gertu da ipuinen ahozko narrazio jaialdia.Tolosan sortu zen, duela 13 urte. Ordizia batu zitzaion urte bat beranduago. Kontalarien bilgune bihurtzen hasi zen pixkanaka ekimena. Pauso bat aurrera eginez, ahozko narrazio lehiaketa iritsi zen urte batzuen bueltan. Aurtengoa, lehiaketaren zortzigarren edizioa izango da. Euskal Narratzaileen Topaketarekin, Jaialdiaren bueltan beste urrats bat gehiago ere egin zuten duela lau urte. Azken hori, Tolosan egin ohi dute.
Ordizian laster hasiko den lehiaketarekin, «narrazioaren artea sustatzea eta zabaltzea da helburua» jaialdiaren, topaketaren eta lehiaketaren antolakuntza lanen ardura duen Intujai Teatro-ko May Gorostiagak azaldu duenez, eta badirudi, ari direla bidean aurrera. Zenbakietan sartzeko oso zalea ez bada ere, jaialdiak 250 artista inguru ekarri ditu, gertukoak eta munduaren beste puntakoak, «bost kontinenteetako artistek parte hartu baitute».
Zenbakiak hortxe, baina hori baino «garrantzitsuagoa» deritzo Gorostiagak, jaialdiak eta lehiaketak berak sortzen duena: «Artista oso desberdinak elkartzen ditu, ahotsa erabiltzen duten artistak dira, batez ere narratzaileak baina badaude baita ere poetak, kantautoreak eta bertsolariak, beste batzuen artean, beraz, elkarrengandik ikasteko ere balio du aniztasun horrek».
Lehiaketak, sari ekonomikoak banatuko ditu irabazleen artean. Baina horrez gain, Gorostiagak nabarmendu du «irabazleak eta finalistak, ahozkotasunaren jaialdiko hurrengo edizioetan parte hartu ohi» dutela. Aurten adibidez, Aitor Vinagret, iazko lehiaketaren irabazlea, gonbidatu dute. Vinagret, gaur-gaurkoz ikastetxeetan aritzen da bere lana eskaintzen. Gainera, partaideei bideak irekitzen laguntzen diela ere esan du Intujai Teatroko kideak: «Lehiaketa, nolabait, artistentzat tranpolin edo zubia bihurtu da, izan ere, aurreko edizioetan lehiaketan parte hartu duten artista asko ipuin kontalari lanetan dabiltza». Beraz, «pozik» dago emaitzekin.
Eman izena
Ordizian, martxoaren 7an egingo dute sailkapen gala eta saio horretako hiru onenak, martxoaren 27ko finalera pasako dira. Izen ematea zabalik dago, martxoaren 1a arte. Parte hartzeko interesa dutenek, intujai@intujai.net epostara idatzi beharko dute, ‘Ipuin lehiaketa’ goiburuarekin. Parte hartzailearen izen-abizenak, kontatuko den ipuinaren izenburua, ipuinaren egilea, posta elektronikoa eta telefonoa zehaztu beharko dira. Horrez gain, 20 euro ordaindu beharko dira eta partaidetzaren ondoren itzuliko dira.