Mugikortasun Jasangarrirako Mahaia aurkeztuko du Beasaingo Udalak otsailaren 18an
Bilera irekia da. Herriko pertsona, elkarte, erakunde, talde politiko eta eragileen arteko lehen topaketa izango da.
Mugikortasun Jasangarriaren Mahaia antolatu du Beasaingo Udalak datorren asteartean, otsailaren 18an, 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bilera irekia izango da eta interesa duen edonor ager daiteke: «Herriko pertsona, elkarte, erakunde, talde politiko eta eragileen arteko lehen topaketa honek prozesuan zeintzuk parte hartuko duten eta helburuak zein izango diren argitzeko balioko du, eta ibilaldi kritiko bat egingo da mugikortasun arazoak antzematen eta eztabaidatzen hasteko», aurreratu du udalak.
Bilera hauetan jasotakoari forma eman ostean, mugikortasun plan jasangarri bat idaztea da administrazioaren helburua. «Udalerria herritarren beharretara egokituko duten ekintzak edo esku-hartzeak jasoko dituen plan bat», osatu dute.
Herri barruko mugikortasuna erraztea eta jasangarriagoa bihurtzea beasaindarren aspaldiko eskaera da. Auzoen arteko loturak erraztea eskatzen dute nagusiki herritarrek.
Jarraipena, sarean
#Beasain eta #MugiLasai traolen bidez helaraziko dituzte jasangarritasun mahaiaren berrikuntzak. Herritarrek ere beraien ideiak eta kexuak helarazi ditzakete sare sozialen bitartez. mugilasai@beasain.eus helbide elektronikoa ere ahalbidetu du udalak postontzi digital gisa.