Zaldibiako plaza diseinatzeko prozesua zehazte fasean sartuko da
Parte-hartze egitasmoko bigarren lanketa bihar egingo dute, hiru saiotan. Plazako elementuak eta osagaiak zehaztea da zeregina. Santa Fe kaleari ere helduko zaio
Ekarpenak, beharrak eta ideiak taldeka nahiz batzar irekian jaso ondoren, Zaldibiako plaza ingurua berritzeko Zaldibia plazara partaidetza prozesua bigarren fasean sartuko da, zehaztapenarenean. Bihar hiru saio egingo dituzte udalak eta Hiritik At talde teknikoak: 14:30ean Lardizabal eskolan LHko 5. eta 6. mailakoekin; eta herritar guztiei irekita Herri Antzokian 16:30ean lehen txanda eta 18:30ean bestea.
Jasotako proposamenak aintzat hartuta, plaza inguruan kokatu nahi diren elementuen adibide ugarien iritziak ematea izango da biharko zeregina. Estalpea, jolas parkea, elementu naturalak, altzariak, ubidea, argiteria… dira aztergaiak.
Orain arteko ideia bilketan, hainbat ondorio atera ditu Hiritik At taldeak, bakoitzaren inguruan. Estalpearen kokapena ez dago argi, eta frontoia estaltzea ere denek ez dute ongi ikusten. Haur parkearen kokagunea ere ez da argi geratu orain arte, eta parkea bakarrik estaltzea ere ez. Oraingo jolas eremua oso mugatua dela, aldiz, denek esan dute.
Santa Fe kalea ere jorragai
Plaza bera bakarrik ez, inguru guztia ere azterketan sartuko da. Hala, Santa Fe kalea moldatu beharra ere aipatu da bilketa-fasean. Zirkulazioa moteltzeko neurriak hartu beharra dago, baina oinezkoentzat bihurtzearekin zalantzak daude.
Biharko saioetarako giltzarri batzuk aurreratu dituzte 30 orrialdeko diagnosi-txostenean. Estalpearen lekua eta ezaugarriak, jolas eremuaren ideia gehiago lantzea, eta Santa Feren moldaketa edo oinezkotzea. Elementuen artean elkartzeko eta egoteko guneak dira aztergai bat; terrazen inguruko elkarbizitzari garrantzia eman zaio.