Altamirako atletismo pista berritu eta estalkia ere jarriko diote laster
Altamirarako atletismo pista egokia zein den erabakitzeko hilabeteetako lanketa egin egin dute Ordiziako udalak, Majorik eta Txindokik. Majoriko taberna zabalik dago jada
Ordiziako Udala ari da pixkana kirol azpiegiturak berritzen. Majori kiroldegia bera, Anexoko eta Altamira zelaiko belarra eta orain atletismo pistaren txanda da eta laster hasiko dituzte lanak. Jon Ander Caballero kirol zinegotziak esan du, «azken urteetan, erabileraren ondorioz, oso kaltetuta» dagoela. Zorua guztiz berritzeaz gain, estalpe bat ere eraikiko dute.
Nolako pista jarri erabakitzeko prozesu luze baten ondoren, datozen hilabeteetan hasiko dituzte berriztatze lanak. Irailean hasi zuten prozesua eta horren baitan, udaleko eta Txindoki Atletismo Taldeko kideek, beste herri batzuetako atletismo pistak bisitatu dituzte eta hainbat bilera ere egin dituzte, beharrak eta kezkak finkatzeko.
Udalak jakinarazi du, ekainaren 20a baino lehen lanek amaituta egoteko konpromisoa dutela, egun horretan jokatuko baita Jose Antonio Peñaren atletismo Sari Nagusia.
Hilabeteetako lana
Txindoki Atletismo Elkarteko kideek, Odilo Rivela Majoriko kudeatzaileak eta Caballero zinegotziak hainbat bisita egin dituzte, irailean Santurtzira eta urrian Barakaldora, hango atletismo pistak berritu dituztenez, lan prozesuak eta emaitzak bertatik bertara ezagutzeko. Atletismo pistak berritzeko dauden lan egiteko moduak ezagutu ahal izan dituzte. Santurtzin, aurrefabrikazio prozesua ezagutu ahal izan zuten. Barakaldon, berriz, berrikuntza in situ egin zuten. Enpresa ezberdinetako ordezkariek, gainera, Altamirako atletismo pista gertutik ezagutzeko aukera izan dute. «Ez da bisita bakarra izan eta horien artean, Espainiako Atletismo Federazioko aholkulari tekniko bat ere gerturatu da» Ordiziara. Caballerok adierazi du, «oso garrantzitsua» dela «material egokia izatea korrikalariek ahalik eta lesio gutxien jasan ditzaten». Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin ere harremana izan du udalak eta Majoriko kudeaketa taldeak.
Pista berriaz gain, estalki bat ere jarriko dute. Hainbat aukera landu ondoren, estalkia harmailetatik aterako da, 45 metroko eremua estaliko du eta 2-3 kale hartuko ditu. Gainera, kanpoko eraztun bat eraikiko dute pistako azken kalean, belar artifizialarekin. Horrekin, espazioa irabaziko dute korrikalariek, entrenamenduak egin ahal izateko. Luzera jauziko korridoreetako bat ere aldatuko dute tokiz.
Esleipena
Majori Kiroldegia S.M.k jarraipen berezia egingo du esleipendunak eskainitako exekuzio-epea zorrotz betetzen dela ziurtatzeko. Izan ere, 2020ko ekainaren 15erako exekutatua egon behar da obra; beraz, gehienez ere, zortzi asteko epea egongo da lanak burutzeko. Lanen esleipena, berriz, 361.944,50 eurokoa da BEZarekin).
Majoriko kontratatzailearen profilerako sarbide publikoaren webgunea hau da www.majori-kiroldegia.com eta hor dago informazio gehigarria.
Majoriko taberna
Bestalde, Majoriko taberna berria zabalik dago jada eta normaltasun osoz ari da funtzionatzen. Tokiz aldatu dute, orain kuboko kantxara bistak ditu eta eremu zabalagoa du.