Automobilismoaren gala Lazkaon egingo dute bihar 2019ko sariak banatzeko
Euskal Herriko auto txapelketetan denboraldiko garaile suertatu diren gidariak eta gidari-lagunak sarituko ditu EAFk, Arerian. Rallyesprint modalitatean, Zabaleta-Izagirre eta Nazabaldarrak
2020. urteari dagokion auto lasterketen lehiari ekin aurretik, iazko zorrak kitatuko ditu Euskadiko Automobilismo Federazioak. 2019ko txapelketen sari banaketako gala Lazkaon ospatuko du aurten, lehenengo aldiz Goierrin. Areria antzokian, bihar 11:30ean hasiko da sari emate ekitaldia. Euskal Herrian jokatutako zazpi modalitatetako lehiaketen garaileak (gidaria nahiz gidari-ondokoa) eta urte azpimarragarria osatu duten beste kirolari batzuk sarituko dituzte.
Areriako oholtzan jasoko dute aitortza sei txapelketa nagusitako irabazleek. Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (asfalto gaineko rallyen eta rallyesprinten irabazleak), Gorka Eizmendi (lur gaineko rallyak), Fernando Perez-Asier Camara (sport erregulartasuna), Aitor Zabaleta (mendiko igoerak monoplazetan) eta Bruno Scherer (mendikoa turismoetan), eta Asier Tejado (slalom) dira euskal txapelketetan onenak izan zirenak.
Arlo bakoitzean sari gehiago ere emango dituzte. Piloto eta kopiloto onenen banakako garaikurrak, eta klasekako sailkapenetako bereizketa eginda, lehenengoentzat.
Bi talde goierritar
Sari ugarien artean, Goierriko lasterkariek ere jasoko dituzte bi. Ruben Zabaleta eta Maialen Izagirre zegamar-lazkaotarrek rallyesprintetako 2. klasea irabazi izanaren garaikurra lortuko dute. Arlo berean, baina 4. klasean, Mikel eta Eneko Nazabal zaldibiarrak izan dira txapeldun.
Ekitaldia bukatu eta taldeko argazkia atera ondoren, mokadutxo bat zerbitzatuko dute sarituentzat, Arerian.
Denboraldia hasteko ez da asko itxaron beharko, ezta eskualdetik mugitu ere. Gabiria-Legazpi rallyesprintaren 22. ekitaldia martxoaren 1ean da, eta Goierri rallyesprinta 14an.