Inauteri giroa zabalduko dute bihar Lazkaoko kaleetan gazteek
Lazkaoko Gazte Asanbladak inauteri festa antolatu du biharko. Gaztelekuan ere, ekintza bereziak izango dira gaztetxoentzat
Lazkao inauterien zaparradak freskatuko du, asteburu honetan. Batetik, Lazkaoko Gazte Asanbladak bihar ospatuko du inaute-festa, azken urteetako ohiturarekin segiz. Bestetik, Gaztelekuan ere gaztetxoentzat egun berezia prestatu dute.
Gazte asanbladakoek III. Mundu Gerra aukeratu dute mozorrotzeko gaitzat. Agintari totalitarioak, gezurrezko albisteak, gerrak eta naturaren suntsiketa iradoki dituzte kartelean.
Triki-poteorako 13:00etan elkartuko dira. Amebi jatetxean bazkalduko dute. Autobusa antolatu dute, Jose Lasa Kaleko bidegurutzetik. Txartelak erosi behar dira, herriko tabernetan. Arratsaldean, Matraka elektro-txaranga ibiliko da kalean.
Lazkaoko Gaztelekuak, bere aldetik, 12-17 urte arteko gaztetxoentzat inauteri festa antolatu du, bihar arratsalderako (16:00-20:00). Etzi zinema izango dute. Datorren asteburuan ere inauteri mozorroa prestatuko dute.