Irakurketa errazaren klubekoak ikasturte berrian murgildu dira
Irakurtzeko zailtasuna dutenei zuzenduta dago kluba. Ulermena errazteko egokituta dauden liburuak irakurtzen dituzte. Liburutegian guztien eskura daude liburuak
Irakurtzea ez da ariketa erraza jende askorentzako, are gutxiago liburu oso bat irakurtzea. Legazpin, udal liburutegiak 2016an martxan jarritako Irakurketa Erraza egitasmoari esker, izen eta ospe handiko tituluak irakurtzea lortu dute dozena bat herritarrek. Aurten, otsailarekin hasi dute ikasturte berria proiektu horren inguruan sortutako klubeko irakurleek.
Otsailean hasi eta azarora bitartean biltzen da irakurketa errazaren kluba, liburutegian bertan, Lina Ugarteren gidaritzapean. Irakurtzeko aukeratutako liburu bakoitzeko 6-8 saio egiten dituzte, astelehen goizetan beti. Aurtengo ikasturtea klasiko batekin hasi dute, Shakespeare-ren Mucho ruido y pocas nueces (Much ado about nothing, ingelesez) liburua ari dira irakurtzen.
Gaztelaniaz egiten dira saioak, halakoak dira baita ere liburuak. Baina ez dira jatorrizko bertsioak edo itzulpenak, egokitutakoak baizik. Eta egokituta ez dute edukia bakarrik, baita ere letren tamaina, lerro artekoa, ertzak, paragrafoak… Irakurtzeko zailtasunak dauzkanari erraztasunak ematea da gakoa, ulermenaren aldetik eta bisualki.
Ulertzeko laguntza
Irakurketa errazaren klubeko partaideak Garaguneko erabiltzaileak dira batzuk, herriko ikastetxeetako ikasleak beste batzuk, etorkinak ere joan ohi izan dira, adin askotakoak… Taldea anitza da, baina denek dute amankomunean irakurtzeko zailtasunak dituztela. Zailtasun horri aurre eginda, taldearen babesarekin eta gidariaren laguntzarekin, liburu bat irakurri, bukatu eta ulertzeko gai dira. «Irakurleen autoestimuarentzako oso garrantzitsua da hori», dio Lina Ugarte gidariak.
Klubaren saioak alaiak eta dinamikoak dira. Aukeratutako liburuaren zatiak ozen irakurtzen dituzte irakurleek txandaka; 6-8 saio behar izaten dituzte liburu oso bat bukatzeko. Bide horretan lagungarri izaten dituzte hiztegiari buruzko azalpenak, liburuak kontatzen duen istorioaren testuingurukoak, istorio horren haria ez galtzeko ariketatxoak… Gidariaren lana da taldea dinamizatzea, eta horretarako hainbat baliabide erabiltzen ditu, irudiak adibidez, edo ikus-entzunezkoak.
Liburutegia ez da museoa
Muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenentzat da irakurketa errazaren kluba. Liburuen irakurketa bera lantzeaz gain, «autoestimua, sozializazioa eta integrazioa» ere lantzen dituztela adierazi du Ugartek. Legazpin, udal liburutegiak jarri du martxan egitasmoa, eta bertan egiten dira saioak.
Egitasmo honekin liburutegia «museo bat» ez dela aldarrikatu nahi dute aldi berean; «irakurtzeko zailtasunak dituztenak ez dira joaten liburutegira, baina liburutegia ez da bakarrik jakitunentzako », dio Ugartek. Jasone Erostarbe liburutegiko arduraduna ere bat dator, eta apaletan irakurketa errazerako egokitutako liburu bilduma polita dutela erantsi du, «adin guztietarako tituluak dira, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak».