Irribarria binakako txapelketatik baztertu du Aspek
Elezkano II.ak hartuko du haren tokia, Rezustarekin batera, Binakako Txapelketako ligaxkaren azken jardunaldian.
Iaz buruz-burukoan sekulako txapelketa egin eta gero, binakakoa irabazteko faboritoen artean ziren Irribarria eta Rezusta; orain artean, ordea, ez dute esperotako emaitzarik lortu, eta Aspe enpresak, aurrelari aramarra txapelketatik baztertzea erabaki du. Danel Elezkano II.ak hartuko du Irribarriaren tokia, eta Rezustarekin batera jokatuko du Binakako Txapelketako ligaxkaren azken jardunaldia.
Binakakoaren ligaxkan 13 partida jokatu dituzte Irribarriak eta Rezustak, eta bost besterik ez dituzte irabazi. Azkena atzo bertan jokatu zuten Tolosan, Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen aurka, eta 9-22 galdu zuten.
Emaitzek lagundu ez badute ere, ezustean iritsi da enpresaren erabakia. Argitaratu duten oharraren arabera, “une honetan forma hobean dauden pilotarien aldeko apustua” egin nahi izan dute, eta bide batez, ‘play-off’-etarako sailkapena ziurtatu. Hori gerta dadin, Labriten Lasoren eta Albisuren aurka jokatuko duten azken partida irabazi beharko dute, eta era berean, Ezkurdiak eta Martijak ere irabazi egin beharko liekete Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari.