Zumarraga-Bergara errepidearen lehen pausoak
Deskargako autobidearen proiektua gaur hamabost urte aurkeztu zuten, Zumarragan. Seguran berriz, 750. urtemugako ospakizunetarako prestatzen ari ziren, urteurrenerako logoa aurkeztuta. Beasainen, gazteen aurkako epaiketa salatzeko kanpaldia egin zuten.
Iazko martxoan zabaldu zuten Beasain-Durango errepidearen azken zatia, Urretxu-Zumarraga eta Bergara lotzen dituena. Lan horiek, ordea, duela 15 urte abiatu ziren. Garaiko Goierriko Hitzak jasotzen duenez, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak proiektua onartu ondoren, gaurko egunez aurkeztu zuten egitasmoa Zumarragan. Ezkio, Urretxu eta Zumarragako alkateek parte hartu zuten ekitaldian, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusiarekin batera. Errepidea 2010erako bukatuta izatea espero zutela azaldu zuten orduan.
Seguran ospakizun giroan ziren, hiribildua sortu zeneko 750. urtemugako ospakizunak prestatzen ari baitziren. Urteurren borobil hori gogoratuko zuen logoa aurkeztu zuten Angel Blanco egileak eta Mikel Areizaga alkateak. Lehiaketa bidez aukeratu zuten irudia, eta Blanco errenteriarraren lana izan zen hautatua.
Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeen aurkako auzia ere pil-pilean zegoen egun haietan, eta epaiketaren kontrako akanpada egin zuten Beasainen. Gazte horiek “euskaldun, abertzale eta independentista direlako” epaituak izaten ari zirela eta horren aurrean “geldirik ez” zirela egongo azaldu zuten kanpaldian parte hartu zuten herritarrek.















