2020ko Loinatz jaietako kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago
Lanak 2020ko martxoaren 29rako gaueko 24:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Epaimahaiak 2020ko apirilaren 24an emango du irabazlearen izena.
Beasaingo Udaleko Herritarrak batzordeak lehiaketa antolatu du 2020ko Loinatz jaietarako kartela aukeratzeko.
Kartel-lehiaketako parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira: A taldea, 15 urtetik gorakoak, eta B taldea, 7-15 urte bitartekoak. Edozein kolore edo eratako lanak onartuko dituzte: argazkia, collagea, pintura, eta abar. Lanen neurriak honako hauek izan behar dute: 42x 60 cm. edo horren proportzioko tamaina. Formatuak, nahitaez, bertikala izan behar du.
A taldekoek derrigorrez lanaren bertsio digitala (JPG formatuan) aurkeztu beharko dute, nahiz eta bertsio fisikoan aurkezteko aukera ere izan.
A eta B Karteletan derrigorrean “2020ko LOINATZ JAIAK. Maiatzaren 22tik 31ra” esaldiak azaldu beharko du idatzita norberak egokien ikusten duen moduan.
Lanak ezingo du aldarrikapen politikorik edo sexistarik izan, ezta estereotipo sexistekin ala alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik.
Lanak aurkezteko:
– Bertsio digitalean: Posta elektronikoz kultura@beasain.eus helbidera bidali edo Herritarrentzako Informazio Gunean ( IGunean) aurkeztu CD batean.
– Bertsio fisikoan: Herritarrentzako Informazio Gunean.
Epea:
Martxoaren 29ko gaueko 24:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira lanak. Lanetan egilea nor den adieraz dezakeen inolako daturik agertu gabe aurkeztuko dira. Lanarekin batera, testu fitxategi batean hartzailearen datu pertsonalak eta NAN dokumentuaren kopia atxikita egon beharko da.
Sariak:
-A taldeko irabazleari: 600* euro
-B taldeko irabazleari: 180 euro.
*Sariei indarreko PFEZren kenketa egingo zaie
Saria eman gabe gera daiteke epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate-mailarik ez badute.
A taldeko irabazlea 2020ko Loinatz Jaien kartela eta jaietako programaren azala izango da. B taldekoen irabazlearen kartela agendaren portada izango da eta jaietako programan joango da; horrez gain, epaimahaiak aukeratzen dituen 10 finalistak aurtengo Beasain Jaietan aldizkarian argitaratuko dira.
Kartel irabazleak aukeratzeko prozedura:
B taldea: Epaimahaiak 2020ko martxoaren 31n emango du erabakia eta apelaezina izango da.
A taldea: Bi modu egongo dira, internet bidez eta aurrez aurre bozka emanez. Aukeratzeko prozedurak bi fase izango ditu:
1. Fasea: Epaimahaiak bigarren fasera pasako diren lanak aukeratuko ditu.
2. Fasea: “Bozken” fasea izenekoan, gehienez, 100 puntu emango dira, honela banatuta:
– Epaimahaiaren bozkak: 50 puntu
– Herritarren bozkak: 50 puntu, papereko bozka izan edota udalaren web atari bidezkoa izan.
Epaimahaiak 2020ko apirilaren 24an emango du irabazlearen izena.