Legazpin judoa indartsu dagoela erakutsi du judoka gazteen torneoak
Judo Legazpik antolatutako txapelketak 120 partaide elkartu ditu Bikuñan. Infantil mailako judokez gain, epaile gazteek ere izan dute lan egiteko aukera. Judo klubak ateak irekita ditu
Judo Legazpi klubak antolatuta larunbatean jokatu zen infantil mailako lehen torneoa kirol horrek herrian duen indarraren erakustaldi bihurtu zen. Euskal Herriko, Kantabriako eta Frantziako 22 klubek parte hartu zuten; 120 judoka gazte elkartu ziren guztira Bikuña kiroldegian.
Legazpiarrek lan bikaina egin zuten. Endika Perez de Arenazak zilarra lortu zuen 55 kiloz azpiko kategorian eta Xabier Parrak 7. egin zuen; Ruben Calvok urrea eta Ipon azkarrenarentzako Flash trofeoa irabazi zituen 66 kiloz azpikoan; Unax Pereirak 5. egin zuen -60 Kg-n; Manex Urangak zilarra irabazi zuen +66 Kg-n; Seth Willisek urrea irabazi zuen -50Kg-n; Ibai Gil bosgarren izan zen -50Kg-n eta Flash trofeoa ere irabazi zuen; azkenik, Jiu Jitsu Zumarraga klubeko Unai Biainek urrea eta Flash trofeoa irabazi zituen -46Kg-n.
Etxean lehiatzea
Judo Legazpi klubeko ordezkari Asier Berasategik torneoaren balantze ona egin du, emaitzengatik lehenik, eta ezarritako helburuak bete direlako bestetik. «Txapelketatan ibiltzen diren infantilei etxean bertan, lagunen eta familikoen aurrean judoan aritzeko aukera ematea» zen helburua, txapelketa ofizialek eragiten duten presioa alboratzea. Izan ere, Espainiako kopetan aritu dira lehian orain arte gazte legazpiarrak, beti etxetik urruti.
Ofizialtasunetik bereizteko, gainera, ohiko dominez gain Flash trofeoak ere banatu ziren torneoan. Kategoria bakoitzean borroka edo Ipon bizkorrena egindakoari eman zitzaion.
Partaideak, gustura
Lehia, bestetik, «arina eta inongo presiorik gabekoa» izan zela dio Berasategik. Partaide bakoitzak akreditazioa, kamiseta eta askaria jaso zuen. Hurrengo urtean ere etorriko direla esan zuten guztiek.
Epaileak ere pozik geratu ziren Legazpiko torneoarekin. «Gipuzkoako epaile gazteek ez dute praktikatzeko aukera asko, eta txapelketa honekin horretara parada eman diegu», azaldu du Berasategik.
Bestalde, Judo Legazpiko handien taldeko kideek markagailuetan aritu ziren, eta «lan bikaina» egin zuten. Beñat eta Manex Urriza, Andoni Urrutia, Eneko Zabaleta, Aratz Irisarri, Ander Lizarralde, Markel Biain, Damian Vela, Jon Odriozola eta Izaskun Lizarralde aritu ziren horretan, eta monitoring-a egiten Jon Aldabaldetreku eta Xabier Ugarte ere bai.
Judoa, denentzako aukera
«Judoak Legazpin ospea hartu dezan» nahi dute Judo Legazpikoek, «kirol bikaina dela uste dugu eta horren eredu gaur egun klubak duen osasun ederra da». Klubak 5 urtetik gorako 130 kide ditu, tituludun bost monitore eta bi entrenatzaile, Asier Berasategi bera, taldeko arduraduna ere badena, eta Jose Manuel Paternain zuzendari teknikoa.
Judo Legazpi Klubak ateak guztientzat irekita dituela gogoratu du Berasategik.