Oianguko bi bikote Euskal Herriko Txapelketako final erdietan
Euskal Herriko Pala Txapelketako finalean sartzeko lehian ariko dira Oiangu Pilota Elkarteko bi bikote,
Lautik bi etxekoak izango dira. Euskal Herriko Pala Txapelketako final erdietarako sailkatu dira Oiangu Pilota Elkarteko bi bikote: batetik, Luzuriaga-Alkorta ohorezko mailan; eta bestetik, Irastortza-Berasategi, EH Ligan.
Luzuriagak eta Irastortzak 35-18 mendean hartu dute asteburuan Gasteizko Adurtza taldeko bikotea. Hala, ligaxkako partida guztiak irabazi dituzte, eta taldeko buru dira. Otsaileko azken asteburuan, laugarren sailkatuaren kontra jokatu beharko dute; Iruñeako Tenis taldekoen aurka, hain zuzen ere.
EH Ligari dagokionean ere, Oianguko bikote bat sailkatu da final erdietarako. Hodei Irastortzak eta Gorka Berasategik, Oianguko taldekideak izan zituzten aurkari, eta 35-29 irabazi zieten Aitor Otegiri eta Marin Mendikoari. Partida oso lehiatua izan zen, eta 26na berdindu bazuten ere, azken txanpan Irastortzak eta Berasategik zorte handiagoa izan zuten. Final erdietan, Sopelako Kurene izango dute aurkari, otsaileko azken asteburuan. Irabaziz gero, finalerako sailkatzeaz gain, datorren denboraldian Ohorezko Mailan aritzeko eskubidea ere irabaziko lukete.
Oiangu klubak gogorarazi du Alkorta azpeitiarra eta Irastortza zaldibiarra aurrenekoz ari direla Euskal Herriko Txapelketa jokatzen, eta “maila bikaina” ematen ari direla biak ala biak ere.