Trevijano, Araña eta kasta
Duela 15 urte Ohorezko Mailara igotzeko ahalegin betean ari ziren Ordizia Rugby Elkartekoak, Axio Arañak gidatuta. Urretxun, herrigunea oinezkoentzat egokitzeko lanak hasi berriak ziren.
Garaipen handien urteak iritsi aurretik, lan eta ahalegin handikoak ere pasa zituen Ordizia Rugby Elkarteak, dagoen tokira iristeko. Duela 15 urte, Ohorezko Mailara igotzeko ahaleginetan zebilen Axio Arañak gidatutako Ayma Ordizia. Eta ez ziren batere gaizki ari; denboraldiaren bigarren erdian sartuta ziren ordurako, eta aurreneko postuan jarraitzen zuten. Gainera, Hospitalet talde indartsua hartu zuten Trevijanon, eta baita irabazi ere (30-17). Igoera lortzeko gai zirela sinetsita zegoen Araña: “Lehenengo mailan jokatzeko gaitasun nahikoa badugula uste dut. Eta aukerak ere baditugu igoera hori eskuratzeko. Baina hankak lurrean ditugu”.
Hirigintza kontuetan, Urretxuko herrigunearen izaera erabat aldatuko zuen proiektu bat martxan jartzekotan ziren, gaur hamabost urte: herrigunea oinezkoentzat egokitzeko edo peatonalizatzeko proiektua. Bizilagunek aspalditik egindako eskakizuna zen, eta alkateak ere “herriaren onerako” izango zela azaldu zuen. Herrigune historikoa birgaitzeko udalak zortzi urte lehenago onartutako plangintza zegoen peatonalizazio horren oinarrian. Egun horietan, trafikoa erregulatzeko semafora eta piboteak jartzen ari ziren udal langileak.