Zegama-Aizkorri mendi maratoiko zozketa bihar egingo dute, kultur etxean
Maiatzaren 22an eta 24an izango dira hiru probak. Argitaratu dituzte jada dortsala lortu dutenen zerrendak. Bihar, 18:00etan, gainontzeko korrikalarien artean 225 dortsal zozkatuko dituzte
Maiatzaren 22an eta 24an jokatuko da aurtengo Zegama Aizkorri. Ohi bezala, hiru proba ezberdin izango dira: Kilometro Bertikala, Trail Juniorra eta mendi maratoia. Maratoiak inoizko inskripzio kopuru handiena izan du aurten: 12.564 pertsonek eman dute izena mendi maratoian parte hartzeko. Bihar Zegamako kultur etxean egingo dute dortsalen zozketa.
Jada argitaratu dute zozketan sartuko direnen zerrenda. Alde batetik, bi zerrenda argitaratu dituzte: Kilometro Bertikalerako eta mendi maratoirako zozketan sartuko direnen izenak eta bakoitzak parte hartzeko duen aukera kopurua eman dute ezagutzera. Bestalde, mendi maratoirako eta KBerako dagoeneko dortsala badutenen beste lau zerrenda ere argitaratu dituzte: denboraz dortsala duten emakumeena; denboraz dortsala duten gizonezkoena; maratoiko edizio guztiak amaitzeagatik dortsala dutenena; eta azkenik, zegamarra izateagatik dortsala dutenena. 25 dira mendi maratoirako jada dortsala duten zegamarrak, eta Kilometro Bertikalerako, berriz, bakarra. Gainerako 225 dortsalen zozketa bihar egingo dute, otsailaren 21a, Zegaman bertan. 18:00etan izango da, kultur etxean. Edozein zalantzarako zegama.aizkorri@ gmail.com helbidera idatz daiteke. Arazorik balego, aldaketak bihar 10:00ak arte onartuko dituztela jakinarazi du antolakuntzak.
Izen emate kopuru altuena
Hemeretzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta inoiz izan den izen emate kopuru handiena izan du maratoiak: 12.564 atletek egin zuten inskripzioa zozketan sartu eta parte hartzeko aukera izateko. Antolakuntzak 150 dortsal gorde zituen lasterketako konpromisoei aurre egiteko, eta beste 125, aldiz, aurreko urteetan lehiatu eta berriz ere parte hartu nahi duten korrikalarien parte hartzea ahalbidetzeko. Azken bi urteetan markarik onenak izan dituztenentzako dortsalak ere gorde dituzte.
Zegama Aizkorri Junior Trail probaren izen ematea oraindik zabalik dago; maiatzaren 10era arte izango dute aukera atleta gazteek izena emateko. 16 eta 18 urte bitartekoentzako proba da.