Ikastetxeen desfilea eta Lintx, Legazpiko inauterien ostiraleko izarrak
Eguraldi eta giro paregabearekin egin dira Legazpiko inauterien izar diren ikastetxeetako haurren desfilea eta Lintxen etorrera. Inauteri festak kalean eta tabernetan izango du segida iluntza-gau partean. Bihar zirkoaren inguruko jaia izango da Gaztetxean, eta igandean, Sustraiak dantza taldearen eta hainbat herritarren eskutik, Lapurdiko inauteriaren konpartsa.

Haztegi ikastolako eta Domingo Agirre ikastetxeko haurrek kolorez, musikaz eta dantzaz bete dute Legazpiko arratsaldea, euren mozorro desfilearekin. Santikutz egoitzako bidegurutzean bat egin ondoren, Kale Nagusitik gora plazaraino iritsi dira ikasleak, bidean dantza egiteko hainbat geldialdi eginez. Plazan, Lintx eta katamaloak izan dituzte lagun tarte batez, inauteriak ofizialki hasi direla iragartzera etorri baitira. Urolatarrak txarangak ere lagundu du giroa alaitzen.
Festa giroak segida izango du iluntzean eta gauean, batez ere kalean eta tabernetan, eta goizaldera arte luzatuko da.
Bihar Gaztetxearen inauteriaren txanda izango da. Zirkoaren inguruko mozorroak izango dira protagonista. Bazkaria, karropoteoa eta kontzertuak egingo dituzte.
Igandea izango da Legazpiko inauterien azken eguna. Sustraiak dantza taldeak Lapurdiko inauteriaren konpartsa kaleratuko du hainbat herritarren laguntzarekin, eta goiz eta arratsaldez ibiliko dira euren musika eta dantzarekin herriko auzo eta kaleak alaitzen. Iluntzean, plazan, Lintx panpina erre eta amaitutzat emango dira festak.
























































etorrerak