Xanti Iruretagoiena izango da Ikaslan Fundazioko zuzendari berria
Manuel Ormazabalek ia 40 urte egin ditu zuzendaritza karguan, lekukoa pasa aurretik. Urte hauetan, Goierriko enpresa garrantzitsuenekin egin du hartu emana Ikaslanek

Lekuko aldaketa izan da Ordizian kokatuta dagoen Ikaslan Fundazioan. Zuzendaritzan ia 40 urtez aritu den Manuel Ormazabalek kargua utzi eta Xanti Iruretagoienak hartu du. Goierri Eskolan garatu du bere ibilbide profesionala azken 17 urteetan Iruretagoienak. Irakasle izan da eskolan bertan eta baita Mondragon Unibertsitatean ere, eta horrez gain, Goierri Eskolako kanpo harremanetako arduraduna eta marketing zuzendaria ere izan da, azken 10 urteetan. Orain arteko «ibilbideari jarraipena» ematera dator zuzendari berria, baina «berrikuntzak ere izango» direla nabarmendu du. Lekuko aldaketaren aitzakia baliatuz, Ikaslan Fundazioak egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko ateak ireki dituzte.
Lan mundura salto egiteko dauden ikasleek beharrezko formakuntza praktikoa jasotzeko hezkuntza zentroa da Ikaslan Fundazioa. Izenak berak ere ematen du pista, ikasi eta lana hitzen elkarketa baita. Goierri Eskolako ziklo formatiboetako goi, erdi eta oinarrizko mailako ikasleak hartzen ditu. Eskualde mailako ikasleak bakarrik ez, beste eskualde batzuetako pertsonentzat ere erreferente da, eta horretan eragin duen faktorea, Goierri eskualdean dauden enpresa garrantzitsuenekin duen hartu emana da. Irizar, Hine eta GH, besteak beste.
Irabazi asmorik gabeko entitate bat da Ikaslan. «Etekinen %30a Goierri Eskolara bideratzen da, bertako inbertsioetara, eta %70a, Ikaslan hobetzeko inbertitzen» da. Zuzendari berriak esan du, «erreferente izaten jarraitzeko, punta-puntako materialekin eta makinekin lan egiten» dutela. Sorreran, «zerotik hasi eta autofinantzaketarekin, gaur-gaurkoz, bederatzi pabiloitan banatuta dugu produkzioa». Laser ebaketa, galdaragintza, metalezko egituren muntaia, kableatu eta armairu elektrikoen muntaia eta mekanizatu zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Azpiegiturak berrituz joan dira beharrak hala eskatuta: «Aldagela berriak, otorduetarako gune bat eta kirola egiteko gune bat egokitzeko lanean gaude».
Beste batzuekin aldea
Iruretagoienak, Ikaslanek «ikasketak garatzeko eredu propioa» duela argitu du eta horren abantailez mintzatu da: «Lan mundua lehen unetik ezagutzeko aukera ematen dugu, alde teorikoa, praktikan jartzeko aukera, gainera ardurak ematen dizkiegu ikasleei, haiengan konfiantza dugu». Beste formakuntza zentroen ondoan, praktika orduetan dago aldea: «Ohiko zentroek duten eskaintzaz gain, bigarren ikasturtean, egunean lau orduz ikaslanen lan egiteko aukera ematen dugu».
Helburuak finkatuta
2021. urte arteko helburu estrategikoak finkatuta dituzte, Fundazioaren izaerarekin bat datozenak: «Ikaslan errentagarria izatea; ikasleentzat esperientzia aparta izatea; komunikazio ikuspegitik lanketa egin da Goierri Eskola – Ikaslan binomioa merkaturatzeko; eta segurtasunarekin eta ingurunearekin lotura duten aspektuak bermatzeko apustu sendoa egin dugu».