«Ikaslan Fundazioaren parte sentitu naiz beti eta hala izaten segiko du»
Manuel Ormazabalek ia 40 urte egin ditu zuzendaritza karguan, lekukoa pasa aurretik. Urte hauetan, Goierriko enpresa garrantzitsuenekin egin du hartu emana Ikaslanek
Nolakoak izan ziren Ikaslanen hastapenak?
Garai hartan, Arrasateko Alecoop-ek bazuen praktikak egiteko toki bat. Bertan ingeniaritza teknikoa ikasi zuten goierritar batzuk, Coprecin egiten zuten lan, gaur egungo Orklin, eta haiek ekarri zuten Goierri eskualdean ere, horrelako eredu bat garatzeko ideia.
Langabezia handiko garaia zen eta enpresetan langileak hobeto formatzeko beharra ere ikusten zuten. Lehenengo urteetan, Goierri Eskolaren barruan hasi zen proiektua.
Nolatan hasi zinen zu?
Eskolan zeuden makinak aprobetxatuz, inguruko enpresetatik aktibitateren bat ekartzeko aukera baloratu zuten Goierri Eskolan. Nire irakasle izandako batek, proiektua garatzen laguntzeko prest egongo ote nintzen galdetu zidan. Harrezkero, Ikaslanen nago.
Zein izan zen garatu zenuen lehen lana?
Irizar enpresarentzat ekipajea garraiatzeakoa egiten hasi ginen. Goierri Eskolak, kooperatibetako diru poltsa bat baliatuz, beharrezko makinak erosi eta hala hasi ginen.
Zer suposatzen zuen horrek?
Lan merkatura salto egiteko formakuntza jasotzeaz gain, diru bat jasotzen zuten handik pasatzen ziren ikasleek. Kontuan izan, gehienentzat, diru hori oso beharrezkoa zela ikasten jarraitu ahal izateko.
Proiektua handitzen joan zen pixkanaka?
Bai, hala da. Eskolan bertan pabiloi bat egitea erabaki zen. 800 metroko pabiloia egin zen. Gertuko enpresetatik, aktibitate gehiago ekartzen joan ginen. Produktu desberdin ugari sortzen genuen bertan. 40 ikasle izatera iritsi ginen une hartan.
Eta Goierri Eskolako txiki gelditzen hasi zen.
1991. urtean Mallutz industrialdera etorri ginen. Hemen ere, pabilioi batekin hasi ginen baina poliki-poliki haziz joan gara. Gaur-gaurkoz, bederatzi pabilioi ditugu eta ikasle asko jaurti ditugu lan mundura.
Zuretzat zer izan da Ikaslan?
Proiektuaren parte sentitu naiz beti eta hala izaten jarraituko dut, nahiz eta zuzendaritza kargua utzi dudan. Ia bizitza osoa eman dut hemen, ezeretik hasi eta erreferente nola bihurtu den, prozesu osoa ikusi dut. Eboluzio osoa barrutik bizi izan dut.