Inauteri herrikoi eta beroa Beasainen
Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak inauteri herrikoia egin du gaur, herriko kaleak dantzaz eta musikaz alaituz. Giro ederra izan dute lagun. Iluntzean, erromeria izango da.
Ostadar Dantza Taldeak urteroko ohitura bihurtu den inauteri herrikoia egin du gaur Beasainen. Elkartearen egoitzatik abiatuta, herrigune osoa zeharkatu dute, musikariak lagun hartuta. Euskal Herriko inauteriak eta horietan egiten diren dantzak ekarri dituzte plazara. Garai honetarako ezohiko eguraldia izan dute, eta ibilbidean zehar egin dituzten geldialdietan, jende ugari gerturatu da dantza saioak ikustera.
Bazkaltzeko etenaren ondoren, iluntzean jarraituko du festak. 19:30etik aurrera, erromeria izango da Loinazko San Martin plazaren azpian, Elizagoien ahizpekin.