24 urteko gizonezko bat atxilotu dute Beasainen
Lasarte-Oriako eta Villabonako zenbait enpresatan eta saltokitan izandako lapurretak egotzi dizkio Ertzaintzak. Atxilotua aske geratu da, epailearen aurrean agertzeko deitu zain.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute Beasainen, Lasarte-Oriako eta Villabonako industrialdeetan dauden zenbait establezimendutan “indarra erabiliz egindako lapurreta-delituen ustezko egilea” delakoan. Ikertutako ekintzak otsailaren 11ren eta 12aren arteko gauean gertatu ziren.
Hernaniko Ertzain-etxeak egindako ikerketen arabera, “polizia-aurrekariak” dituen gizonezko batek “ondarearen aurkako zenbait delitu” egin zituen otsailaren 11ko gauerdian. “Lehenik, inplikatua Lasarte-Oriako pabiloi batera hurbildu zen eta enpresa bateko ateko kristala apurtu zuen. Ondoren, beste lokal bateko kristalezko atea ostikoka irekitzen saiatu ostean, ibilgailu batean aldendu zen”.
Ondoren, gaztea Villabonaraino joan zen autoan eta “Ubegun industrialdeko beste lau enpresatara edo saltokitara sartzen saiatu zen. Berriro modus operandi bera erabili zuen eta sarrerako ateetako kristalak apurtu zituen”. Ertzaintzaren arabera, “establezimenduetako batean kutxa erregistratzaileko dirua eta zenbait tresna lapurtu zituen. Azkenik, zarata entzun zuen enpresa bateko langile batek ustezko lapurra uxatu zuen, beste pabiloi bateko atea bortxatzen ari zenean”.
Egindako ikerketen ondoren, joan den ostiralean, hilaren 21ean, “ustezko egilea aurkitu eta atxilotu zuten Beasainen, ibilgailua aparkatzen ari zenean”. Era berean, “bide-segurtasunaren aurkako delitu baten ondoriozko eginbideak” ireki dizkiote, “pertsona horrek gida-baimena edo dagokion lizentzia eduki gabe gidatzen baitzuen”.
Ertzaintzak ikerketekin jarraitzen du, “atxilotutako ustezko delitugilearen jardueraren ondorioz kaltetuta dauden establezimenduen eta enpresen kopurua zehazteko”. Atxilotua aske geratu da, epailearen aurrean agertzeko deitu zain.