Loinatz jaietako haurren soka dantzan izena emateko epea irekita dago
Gehienez 40 haurrek parte hartuko dute: 20 neskek eta 20 mutilek. Dantzari bakoitzak nahi duen bikotea aukeratu ahal izango du generoa alde batera utzita. Martxoaren 8ra arte eman daiteke izena.
Iaz hartutako bideari jarraituz, Loinatz jaietako haurren soka dantzan gehienez 40 haurrek parte hartuko dute: 20 neskek eta 20 mutilek. Izena emateko epea gaur ireki dute eta martxoaren 8ra arte irekita egongo da. Izena emateko bi bide erabili daitezke: udalaren www.beasain.eus webgunea eta Igunea. (herritarrentzako harrera bulegoa).
Izena ematen dutenen artean, haurren adina izango da zerrenda eratzeko irizpidea, nesken zein mutilen kasuan. Udalak jakinarazi duenez, “haur bakoitza zerrendan sartu den edo ez, izena ematean jasotako e-mailaren bidez jakinaraziko da”.
Dantzari bakoitzak nahi duen bikotea aukeratu ahal izango du generoa alde batera utzita.
Beasaingo dantza taldeek (Aurtzaka eta Ostadar) eta udalak elkarlanean hartu zuten erabakia iaz, “jasotako eskaerei erantzunez”. Nesken parte hartzea berdintasunez bermatzea dute helburu.
Entseguak
Entseguak martxoaren 23an hasiko dira Alkartasuna ikastetxean, astelehenetik ostegunera 17:30etik 18:30era.