CAFi «apartheidaren trena» uzteko eskatu diote 75 gizarte eragilek
'CAF utzi apartheidaren trena' kanpaina eta manifestua aurkeztu dituzte Ordizian, agerraldi jendetsuan. Jerusalemgo tranbiaren proiektua «legez kanpokoa» dela diote
Gero eta gehiago dira CAF eta Shapir enpresek egin asmo duten Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuaren kontra altxatzen ari diren ahotsak. Euskal Herriko 75 alderdi, sindikatu eta elkartek babestu duten CAF utzi apartheidaren trena izeneko manifestua aurkeztu dute asteburuan Ordizian. Goierriko nahiz Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ordezkariak bildu dira Barrena jauregian, beste behin ere, CAF enpresari proiektu hori baztertu dezala eskatzeko. Eragile horien artean daude Sortu, Euskadiko eta Nafarroako Podemos, ELA, LAB, ESK, Steilas eta Euskadiko CCOO sindikatuak, besteak beste.
Asier Alvarez de Eulatek eta Gurutze Irizarrek irakurri duten agirian, CAF enpresari «nazioarteko zuzenbidea bete dezala» eskatu diote, eta hortarako, «Jerusalemgo tranbiaren proiektutik atera dadila, Palestinaren okupazioaren konplize» izateari utzita. Izan ere, «nazioarteko legediaren aurkako proiektua» dela gogorarazi dute, herri palestinarraren eskubideak urratu eta «Jerusalem eta legez kanpoko kokagune israeldarrak batzea» baitu helburu. Izan ere, «1.800 milioi dolarretako kontratu hau tren arina legez kanpoko kokagune israeldar gehiagotara zabaltzeko» dela gogorarazi dute, batez ere, Jerusalem ekialdera.
Lurralde palestinarrean finkatuta dauden kolono israeldarren kokaguneak «legez kanpokoak» direla ohartarazi dute, Genevako IV. Konbentzioak dioena urratzen baitute. Hala, tranbia hori «apartheid israeldarraren isla gordina» dela salatu dute. Nazioarteko legediaz gain, CAFek bere jokabide etikoa ere urratu egin duela diote, bere barne araudian, «edozein jarduera legeekiko, giza eskubideekiko eta askatasun publikoekiko erabateko begirunearekin» egin behar dela zehazten baitu.
Lizitazio prozesuan, nazioarteko hainbat enpresa garrantzitsuk lehiaketatik ateratzea erabaki zuten; horietako batzuk dira Bombardier, Macquaire, Siemens, Alstom eta Systra. Beasaingo CAF lantegiko enpresa batzordeak eta Zaragozako CAF lantegiko bi sindikatuk proiektutik atera dadila eskatu diote CAFen zuzendaritzari. Hala ere, «langileen eta gizarte zibilaren eskaerei muzin» egin diola salatu due. Manifestuarekin bat egin duten eragileek, proiektuari uko egiteko eskatu diote CAFi.