Gosariari bere garrantzia emanez
Olazabal eta Haztegiko DBH-1eko 88 ikasleei gosari osasungarria zer den erakutsiko diete. Nerabeen artean ohitura osasungarriak bultzatzeko programaren barruan kokatzen da kanpaina.
Legazpin garatzen ari den nerabeen komunitate esparruko eskuhartze programak gosariak duen garrantzia helarazi nahi die herriko gazteei. Horretarako, aurten ere udalak gosari osasungarri bat eskainiko die DBH-1eko ikasleei. Hilaren 19an Olazabal institutukoek dastatu zuten, eta martxoaren 5ean Haztegi ikastolako ikasleen txanda izango da. 88 gosari izango dira guztira.
Egitasmo honetan Osasun Zentroak ere parte hartzen du. Hala, gosaldu baino lehen, ikasleek solasaldi batean parte hartzen dute Osasun Zentroko erizainekin, gosaltzeak eta ondo gosaltzeak duen garrantziaz jabetu daitezen. Gaiaren inguruko zalantzak argitzeko unea da.
Bertatik Bertara egitasmoa ere laguntzaile da kanpainan. Herriko merkatariei erositako produktuez gain, Bertatik Bertarako partaide diren Legazpiko Makatza baserriko ogia, Urretxuko Agerre baserriko jogurtak, Itsasoko Haristizabal baserriko sagarrak eta Urkulegi baserriko intxaurrak dastatuko dituzte ikasleek, baita mandarina ekologi- koak ere. Amaieran, norberaren izena daraman katilua jasoko du oparitzat ikasle bakoitzak.
Ohiturak aldatzea
Legazpiko nerabeen komunitate esparruko eskuhartze programaren atzean herriko osasun eta hezkuntza alorreko eta udaleko hainbat ordezkarik osatutako lantaldea dago. Bakoitzak bere esparruan zer egiten duen jakiteko eta elkar ezagutzeko programa da, bainaherriko gazteen komunitatean ohiturak aldatzeko eta osasuna hobetzeko helburua ere badu.
Nerabeen artean osasun maila hobetzea eta ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea bilatzen du batez ere programak. Horretarako, nerabeei tresnak eskaintzen dizkie osasuntsu bizitzeko erabaki zuzenak har ditzaten, bai banaka bai familian. Gosarien kanpaina xede horrekin egiten da.