Baratzen erabakiko da
Larunbatean jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan Euskal Herriko Mus Txapelketako Gipuzkoako finala. Goierriko 35 bikotek hartuko dute parte. Final nagusia martxoaren 14an da
Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako finala geroz eta gertuago dago. Herrialdekako finala izango da hurrengo urratsa. Larunbatean, otsailaren 29an, izango dira Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Behe Nafarroako, Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta Lapurdiko finalak. Gipuzkoakoa Seguran jokatuko da, Baratze frontoian, 15:00etan.
Gipuzkoan, 721 muslari bikotek hartu dute parte Euskal Herriko Txapelketan, 82 gune ezberdinetan banatuta. Horietatik 118 bikote sailkatu dira Seguran izango den Gipuzkoako finalerako. Bertan erabakiko da zeintzuk izango diren Euskal Herri mailako finalera pasako diren gipuzkoarrak. 82 bikotek lortuko dute larunbatean Euskal Herriko finalera igarotzea. Goierrin, berriz, 18 herritan jokatu dira kanporaketak, eta 35 bikotek lortu dute herrialdeko final nagusirako txartela.
Ataundik 3 bikote ariko dira musean Euskal Herriko finalerako sailkapena lortzeko, eta Zaldibiatik eta Lazkaotik beste 3; Beasaindik 5; Ezkiotik, Gabiriatik, Idiazabaldik, Itsasotik, Itsasondotik, Legorretatik, Olaberriatik, Urretxutik eta Zegamatik bikote bana; Legazpitik, Mutiloatik, Ormaiztegitik eta Zeraindik bi bikote herriko; eta Seguratik 4 bikote.
Denetara, 18 herri horietan sakabanatuta, 226 goierritarrek hartu dute parte 2020ko Euskal Herriko Mus Txapelketan. Kanporaketak direla eta, ordea, 70 izango dira Gipuzkoako final nagusian ariko diren goierritarrak. Beasaingo ordezkariak izango dira nagusi kopuruari dagokionez; izan ere, 32 pertsonak parte hartu zuten Beasaingo kanporaketetan, eta horietako bostek lortu dute finalean jokatzeko aukera. Seguran ere parte hartze altua izan du txapelketak: 27 bikote aritu dira. Zaldibian 23, eta Lazkaon 20.
Final handia, Araban
Asteburu honetan erabakiko da, beraz, nortzuk ariko diren martxoaren 14an Zigoitiako Gopegin (Araba) jokatuko den Euskal Herri mailako finalean. Gipuzkoako 118 bikotetik, 32k lortuko dute Zigoitiarako txartela.