Luzuriaga-Alkorta eta Irastorza-Berasategi dira finalerdiak jokatuko dituzten bi bikoteak.
Oianguko bi bikote Euskal Herriko pala txapelketako finalean sartzeko txartela eskuratzen ahaleginduko dira asteburu honetan. Larruzko paletako finalerdiak jokatuko dituzte, bi mailatan.
Aitor Luzuriaga eta Oier Alkorta Ohorezko Mailako finalerako sailkatzeko borrokatuko dira. Igandean jokatuko dute, Errenteriako Fanderia pilotalekuan, Iruñeko Tenis taldearen kontra. Irabaziz gero, Euskal Herriko maila goreneko finalerako sailkatuko dira.
Luzuriagak Ohorezko Mailako finalerako sailkatzea lortu zuen iaz, Azeari Andonegirekin batera, eta tanto bakarrarengatik galdu zuten finala (35-34), Realeko bikotearen kontra. Aurten arantza ateratzen ahaleginduko da.
Alkorta, berriz, lehenengoz ari da jokatzen Euskal Herriko txapelketa, eta pilotari azpeitiarra gaztea izanagatik (20 urte), maila gorenean lehiatzeko jokoa duela erakutsi du.
Maila bat beherago, EH Ligan, finalerdia jokatuko dute Hodei Irastorzak eta Gorka Berasategik ere. Sopelako Kurene izango dute aurrez aurre. Larunbat goizean jokatuko dute, Sopelan.
Gailenduz gero, finalerako sailkatzeaz gain, hurrengo urtean Ohorezko Mailan aritzeko eskubidea ere irabaziko dute.
Irastorza ere lehenengoz ari da jokatzen Euskal Herriko txapelketan, eta maila bikaina ari da erakusten.