Nafarroa hegoaldeko uzta aurkeztu du Seguran Errigorak
Gaurtik martxoaren 12ra bitartean eskuratu daitezke Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta arroza, pasta eta kontserba sortak.
Errigoraren 2020ko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina aurkeztu dute Segurako Elorri elkartean. Aurkezpenaren ostean, Iker Markinez Kuko jatetxeko sukaldariak olio-dastaketa saioa gidatu du, errezeta berriak irakatsiz. Eskutik eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herriko sukaldetara eraman nahi dituena.
Oliba-olio birjina estra eta arroza, pasta eta kontserbak eskaintzen dira, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta. Ibai Sueskun antolatzaileetako batek azaldu du etekinak Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat izango direla. Guztira, 16 ekoizlek hartu dute parte aurtengo kanpainan: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko 5 olio-errota, 9 kontserba etxe eta arroz ekoizle eta pastagile bana.
Gaurtik hasita martxoaren 12ra bitartean eskuratu daitezke Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta arroza, pasta eta kontserba sortak. errigora.eus webgunean egin behar da, edo hainbat herritan modu presentzialean.
Gure hautuez harro da aurtengo kanpainarako aukeratutako leloa: “Harrokeriarik gabe, harro egon behar dugu ekoizten eta kontsumitzen dugun moduaz”, esan du Sueskunek. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimena da Errigora. Nafarroa hegoaldean eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, bertakoak diren elikagaiak Euskal Herrian zabalduz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.