Northagirresek 'Cavare' diskoa kaleratuko du martxoan
Diskoak sei kanta ditu. Bi abesti taldearen webgunean entzun daitezke dagoeneko. Andoingo Garate estudioan grabatu dute eta Folc Records etxeak kaleratuko du
Urretxuko The Northagirres rock taldeak laugarren diskoa kaleratuko du martxoan. Disko berriak Cavare du izena eta binilo eta CD formatoetan argitaratuko dute. Plataforma digitaletan ere egongo da.
Diskoa abenduan grabatu zuten, Andoaingo Garate estudioan. Grabaketa Martxel Arkarazok zuzendu zuen eta diskoa Folc Records etxeak kaleratuko du.
Taldearen webgunean, thenorthagirres.bandcamp.com, bi abesti entzun daitezke dagoeneko: Cavare eta Elevator. Gainontzeko lauak, El Don, LaLaLa LaLa LaLaLaLa LaLaLa, Yo Tambien eta Frio aurki entzun ahal izango dira. Abesti guztiak Iñigo Agirrebalzategik konposatu ditu.
Borja Aranburu taldeko baxu-jotzaileak diskoa aurrekoa baino «osoagoa» dela dio. «Aurrekoa sinpleagoa zen. Honek moldaketa gehiago ditu, teklatua gehiago erabili dugu, gitarrekin gehiago jolastu dugu… Estiloari dagokionez, aurrekoen antzerakoa da».
Dagoeneko bost emanaldi lotu dituzte: martxoaren 20an Oñatiko Ikatz tabernan joko dute Turbofuckers taldearekin batera, martxoaren 27an Madrilgo Wurlitzer Ballroom aretoan The Renegados eta Schizophrenic taldeekin, biharamunean berriro bi talde horiekin joko dute Santanderreko Rock Beer The New tabernan, apirilaren 4an Donostiako Dabadaba aretoan La Secta taldearekin eta maiatzaren 22an Legazpiko Karibe Zaharra tabernan.
The Northagirres musika taldeak Amerikako Estatu Batuetako eta Australiako taldeen eragina du. Rock, country, blues eta rhythm&blues musika jotzen dute.
The Northagirres Iñigo Agirrebalzategi (ahotsa eta gitarra), Aitor Godoy (gitarra), Ana Agirrebalzategi (pianoa, Hammond-a eta koruak), Julen Makazaga (bateria eta koruak) eta Borja Aranburuk (baxua eta koruak) osatzen dute.
Xabier Linazasoro Scooby ez da taula gainera igotzen, baina taldeko kidea da: kontzertu guztietara joaten da, furgoneta kargatzen eta deskargatzen laguntzen du, diskoak eta kamisetak saltzen ditu, argazkiak eta bideoak egiten ditu…
The Northagirreseko musikariek ibilbide luzea dute. The Hot Dogs!, Mutürbeltz, Sorkun, Dirty Jackets, Supertrooper eta Painful taldeetan jo dute, besteak beste.
Taldea 2012an sortu zen, Urretxun, Agirrebalzategik ordura arteko taldeekin jo ezin izan zituen kantak jotzeko. Urte hauetan guztietan lau disko grabatu dituzte: The Northagirres (2013), Down The Highway (2015), Corte Fino (Folc Records, 2018) eta Cavaré (Folc Records, 2020).
Baina The Northagirres rock taldea bere zuzeneko indartsuagatik da ezaguna batez ere. Beraiek dioten moduan, kontzertu guztietan aho zapore gozoa eta izerdi putzua uzten saiatzen dira.