Oroimen historikoari jarri dio arreta etzi hasiko den Olaberriko Kulturaldiak
Zuhaitz landaketa eta Herrialdeen Eguna ospatuko dituzte lehen asteburuan. Bi hitzaldi izango dira errepresioaz eta 1936ko gerraz. Larunbatetik martxoaren bukaerara luzatuko da egitaraua
Hilabete bateko loraldia izango du kultura arloak Olaberrian. Kulturaldia egitarauan hamar ekitaldi bildu ditu udalaren Kultura Batzordeak, eta etzitik martxoaren 27ra garatuko da. Oroimen historikoak hartuko du aurten arreta-puntu nabarmena. Bi hitzaldi egingo dituzte Lourdes Herrasti eta Iñaki Egaña historialariek, errepresioa genero ikuspuntutik eta 1936ko gerra eta frankismoa Goierrin jorratzeko. Bestetik, Olaberrian oroimen historikoaren lanketan sakontzeko, bulego berezia sortzeko asmoa dute; bihar aurkeztuko dute ekimen hori.
Kulturaldiko hasierarako, asteburu honetan, bi juntadizo jendetsu jarri dituzte. Zuhaitz Eguna larunbatean ospatuko dute. Intsaustiberri inguruan aldatuko dituzte zuhaitz landareak haurrek, etzi eguerdian.
Herrialdeen Eguna izango da asteburuko bigarren platera, igandean 13:00etan, Olaberriko frontoian. Bederatzi herrialdetako gastronomia eta folklore erakustoki bihurtuko da pilotalekua. Herrialde hauetako postuak eta ordezkaritzak egongo dira: Sahara, Errumania, Maroko, Galizia, Valentzia, Gaztela eta Leon, Asturias, eta Hego Euskal Herriko bi erkidegoak: EAE eta Nafarroa —bereiztu egin ohi dituzte—.
Feria 13:00etan irekiko dute, eta sarrera erosi beharko da frontoian sartzeko. Buruko 4 euro balio du txartelak, eta bost urtetik beherako haurrek doan dute.
Herrialdeen Eguneko gonbidatua EAE izango da aurten. Hori dela eta, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak musika bandak alaituko du festa.
Goierriko Kopa abian da
Aurreko urteetako osagai berak izango ditu, gainerakoan, Kulturaldiak. Ardo dastaketa, ipuin kontaketa eta liburu-jostailu azoka errepikatuko dira. Martxoaren 8ko Emakumeen Egunaren harira, bi ekitaldi antolatu dituzte: autodefentsa tailerra eta emakumeen bazkaria. Oturuntza Etxezurin izango da, martxoaren 8an bertan. Izena udaletxean edo jubilatuen elkartean eman behar da, hilaren 3rako.
Kirolaren atalean, palak jarraituko du ordezkaritza izaten. Goierriko Kopa pala txapelketa otsailaren 11n hasi zen, eta Olaberrian jokatuko dituzte partidak. Hamar bikote lehiatuko dira, kanporaketa sistemarekin. Bi finalaurrekoak martxoaren 10ean jokatuko dituzte (19:30), eta finala martxoaren 15ean, eguerdian.
Kulturaldiko egitaraua
· Larunbata. Zuhaitz Eguna. Aldaketa Intsaustiberrin, 12:00.
· Igandea. Herrialdeen Eguna. Olaberriko frontoian, 13:00.
· Martxoak 6. Lourdes Herrasti, ‘Errepresioa genero ikuspuntutik’ hitzaldia. Udaletxean, 18:30.
· Martxoak 6. Ardo dastaketa, Ihurre Zaharra etxean, 20:00.
· Martxoak 7. Autodefentsa tailerra, adinekoen Ihurreko lokalean, 10:30.
· Martxoak 8. Emakumeen Eguneko bazkaria. Etxezurin, 14:00.
· Martxoak 13. Ana Apika ipuin kontalaria. Liburutegian, 17:00.
· Martxoak 13. Liburu eta jostailu azoka. Ihurre Zaharra, 18:00.
· Martxoak 15. Goierriko Kopa pala txapelketako finala. 12:00.
· Martxoak 27. Iñaki Egaña, ‘Gerra zibila eta frankismoa Goierrin’ hitzaldia. Udaletxean, 18:30.