Urretxu eta Zumarragan, bertsoa modan
Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoiaren urterik beroenak ziren, eta UZko bertso eskolan prestaketa lan betean ari ziren. Ordizian, Hegats Igeriketa Txapelketa jokatu zuten, marka berriak jarrita.
Herri mailan bertsolaritzaren inguruan antolatu den ekimenik interesgarri eta emankorrenetako bat izan da Martxoan Bertsoa, azken urteotan. Duela 15 urte, txapelketa goraldi betean zegoen, eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolan, txapelketa eta ariketak prestatzen ari ziren. Lantalde harekin izan zen Goierriko Hitza, gaur 15 urte. 27 lagun zeuden txapelketarako izena emanda, eta finalaren aurretik, hiru kanporaketa egin zituzten.
Ordizian, V. Hegats Igeriketa Txapelketa jokatu zuten, eta proba “arrakastatsua” izan zela jasotzen du garaiko kronikak, hainbat probatan marka berriak jarri baitzituzten igerilariek. Dmutro Sydorenko eta Alona Kotchetkova izan ziren irabazleak, eta aurreneko euskaldunak, Juan Jose Iturralde eta Amaia Lerga nafarrak izan ziren.
Kirol arloko albiste gehiago ere bazekartzan gaur 15 urteko Hitzak. Aitor Perez Arrietak bigarren postuan bukatu zuen Valentziako Itzulia, denboraldiari hasiera bikaina emanez. Futbolean berriz, 3. mailako etxeko hiru taldeek emaitza onak lortu zituzten; Beasainek 0-1 irabazi zuen Azpeitian, Ordiziak 3-0 mendean hartu zuen Hondarribia, eta Urolak 1-1 berdindu zuen Trintxerperekin.