Goierri garaiko kirolari gazteen artean euskararen erabilera zein den aurkeztuko dute Legazpin
Kirol elkarteei eta udaletako kirol zerbitzuei egingo zaie lehen aurkezpena, eta gero herritarrei. 16 urtez azpikoen kirol jardueretan euskararen erabilera zein egoeratan dagoen aztertu dute.
Goierri garaiko udaletako euskara zerbitzuek eskatuta, 2019ko urriaren bukaeran galdetegi bat bete zuten udaleherri horietako kirol elkarteek eta udal kirol zerbitzuek, 16 urtez azpiko kirolariekin egiten dituzten jardueretan euskararen egoera zein den ezagutzeko. Galdetegia, 24 kirol elkarte eta udal zerbitzuetatik 23k bete zuten, eta, datuak aztertu ondoren, emaitzak aurkezten hasi dira. Lehenik, kirol elkarte eta udal zerbitzuen ordezkariei egingo zaie aurkezpena, eta ondoren herritarrei ere azalduko zaizkie ondorioak.
Urretxu-Zumarragan duela aste bete egin zuten lehen aurkezpena, eta Legazpin datorren asteartean, martxoaren 3an egingo da, 18:00ak eta 19:00ak bitartean, Bikuña kiroldegian. Legazpiko kirol elkarte eta udaleko kirol zerbitzuak daude gonbidatuta.