Inoizko parte hartzerik handiena UZ Trail lasterketan
Parte hartze muga 300 dortsaletan jarri bazegoen ere, beste 50 lagunentzako dortsalak atera behar izan dituzte. Bi probak kontuan hartuta –23,4 kilometrokoa eta 12,1 kilometrokoa– 350 mendi lasterkari elkartuko dira igandean Urretxu-Zumarragan. Albiste barruan duzue iazko lasterketaren bideoa.
Azken urteotako bideari eutsiz, Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideak buru-belarri ari dira UZ Trail mendi lasterketaren XIII. edizioa prestatzen. Igandean izango da, martxoak 1, 09:45etatik aurrera. Goierri Koparako bigarren proba puntuagarria izango da Urretxu-Zumarragakoa. Aurten, inoiz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute.
Izen-ematea duela aste batzuk zabaldu zuten eta inoizko erantzunik onena izan du, aurreko edizioetan baino dexente hobea. “300 parte hartzaileko muga jarri genuen eta berehala bete zen. Beste 50 lagunentzako dortsalak banatu eta guztira 350 partaide izango dira igandeko proban. Lasterketa nagusia eta lasterketa motzekoak kontuan harturik, jende dexente bilduko gara azkenean”, adierazi dute Goierri Garaiako kideek. Iaz etxean geratu ziren txapelak, Aritz Egea eta Mayi Mujika izan baitziren irabazleak.
Igandeko probak aurreko urteetako ibilbide berbera izango du, eta bere ohiko gogortasuna, nola ez: 22 km eta 1600 metroko igoera izango du guztira. Lasterketa nagusiak, ohi bezala, Beloki, Izazpi eta Irimoko gailurrak joko ditu, ibilbide eder bezain ikusgarri batean. Zumarraga eta Urretxuko mendi eta txokorik ederrenak zeharkatuko ditu, Antigua eta Santa Barbara tartean, eta Areizaga-Kalebarren plazan izango du hasiera eta bukaera, baita tarteko helmuga ere. Lasterketa nagusiaz gain, lasterketa motza ere egongo da, distantzia eta gorabehera aldetik zailtasun eta gogortasun erdia izango duena, eta Zumarragatik bakarrik igaroko da, Beloki eta Izazpitik, hain juxtu.
Eguraldiari begira
Goierri kopak 9 lasterketa izango ditu aurten, eta igandekoa bigarrena izango da. Garingo lasterketak ireki zuen kopa urtarrilean, eta etziko UZ Trailaren ondotik, Arriarangoa etorriko da martxoan. Ondoren, honakoak: Gabiriako Leharrei apirilean, Segura-Zerain lasterketa eta Txindokiko km bertikala maiatzean eta Zaldibiako mendi lasterketa ekainean. Uda igaro ostean, Idiazabalgo Axari trail proba izango da irailean eta Ordiziako mendi lasterketa urrian, Goierri kopa itxiko duena.
Lasterketa irabazteko faboritoak aipatzen hasita, Goierri Kopan lehiatzen ari diren lasterkariak kontuan hartu beharko dira, zalantza izpirik gabe. Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideek Urretxu-Zumarragako zale guztiei dei egiten diete UZ Trail lasterketan parte hartuko duten mendi lasterkari guztiak animatzeko, Beloki, Izazpi, Irimo eta gainerako igarobide estrategiko guztiak beteaz. “Eguraldia ez da agian azken asteetakoa bezain ona izango baina gure mendiak edozein girorekin dira ikusgarriak, beraz aitzakiarik ez dago mendira joan eta lasterkarien ikuskizunaz gozatzeko”.