Joxe Bikuñari bateratzaile lana eskertuko diote bihar Ataunen
Ataungo herriak, herritarrek eta eragileek Joxe Bikuña Agirre omenduko dute, bihar. Herri Antzokian 19:00etan hasiko da eskertza ekitaldia, eta Bikuñak parte hartu izan duen eta parte hartzen duen elkarte, ekimen, langintza eta erakundeetako ordezkariek aitortuko diote esker ona. Atzo bete zituen 85 urte.
Lagun batzuen artean antolatu dute omenaldia. «Herri mailan lan asko egin du, eta asko eman dio herriari. Denekin ondo moldatzen asmatu eta jakin izan du. Herritar denak elkartzen ahalegindu da, eta lortu du batzea. Bere inguruan elkartzen gara bestela kalean aurpegira elkarri begiratuko ez geniokeen jende asko. Bultzada eman du. Akuilua izan da, eta da oraindik», adierazi du Jexux Arinek.
Ikastolen mugimendua Ataunen mamitzen lagundu zuen, etxeko oilategia gelatarako utzita besteak beste. CAFen lan egina, udal zinegotzi ere izan zen. Jentilbaratzarekin Jentilen etorrera-n, Ataunikerren, preso eta iheslarien aldeko ekimenetan, Elkarri eta Lokarri mugimenduetan, Gure Esku Dagon, memoria historia berreskuratzen, antzerkia bultzatzen, koruan eta beste hamaika arlotan egindako lana goraipatuko diote. Antzokia bete egingo da.
«Ekitaldia hunkigarria izango da, denetariko jendeak parte hartuko duelako. Inork merezi badu omenaldi bat, hori Joxe Bikuña da». Afaria dute gero Aizkoate elkartean 90 lagunek.













