Nerea Elustondo: «Unean uneko lekuak eta jendeak egiten dute saio bat errepikaezina»
Gipuzkoako txapelketan laugarren eginda dator Legazpira bertso-afarian kantatzera Nerea Elustondo, Aitor Mendiluze lagun duela, gaur, 20:30ean, Laubide jatetxean.
Bertso Olariak bertso eskolaren urteko ekitaldi nagusia da bertso-afaria; zu zatoz aurten.
Zein talanterekin?
Ez nuke esango bertso eskolaren urteko ekitaldi nagusia bertso-afaria izaten denik, baina egia da, bertso eskolak antolaturiko ekitaldien artean tradiziorik luzeena duena dela. 20 urte baino gehiago dira saioa antolatzen dela eta lehen aldi hartako bertsozale batzuk, hainbeste urte eta gero, oraindik ere han izango dira. Giro berezia sortzen da. Aldez aurretik ez dago jakiterik zein gorputzaldi izango ote dudan saioan bertan, baina kanturako gogoz joango naiz.
Konpainia onean, gainera, Aitor Mendiluze. Bertso-afarirako kide ona al da?
Oso bertsolari ona da Aitor, elitekoa. Kantukide bezala ere bai.
Bion artean nolako saioa eskainiko duzue?
Ba, ez dakit! Horixe da bertsoaren magia! Unean uneko lekuak eta jendeak bihurtzen du saio bakoitza bat eta bakarra, errepikaezina. Aitor bera, garantia bat da, beti egiten du bertsotan oso ondo!
Zer nahiago duzu, bertso afaria eta bazkaria, ala jaialdia?
Orokorrean, erosoago sentitzen naiz afarietan eta bazkarietan. Jaialdi batean baino askoz bertso gehiago kantatzen dira mahai bueltako saioetan. Horrek jaialdian hartu ezin diren lizentziak hartzeko aukera ematen dizu. Baina asmatzen duzunean, biak dira ederrak. Ez daukat batere garbi zer nahiago dudan!
Taula gainean dexente ibili zara azken hilabeteetan gainera, Gipuzkoako txapelketaren bueltan. Bertan laugarren egin eta gero zatoz. Zein balorazio egiten duzu txapelketako zure jardunaz?
Erregulartasuna sekula ez da nire bertuterik handiena izan, baina inoizko txapelketarik erregularrena egin nuela uste dut. Ondorioz, Ilunbe bezalako plaza handi batean kantatu ahal izateko pribilegioa eman zidan txapelketak. Esperientzia polita izan zen.
Aurrera begira zer?
Aspaldiko bertso saio gehien ditut datozen hilabeteetan, eta horietan gozatu nahi nuke ahal dela.
Zer sentitzen da Legazpin lagunen artean kantatzean? Bertso-Olariak eskolaren sorreran parte hartu zenuen…
Norbere herrian kantatzeak beti ematen du halako zera bat… Baina ni, Bertso Olaria naiz, eta badakit Legazpik badakiela bertsolariak goxo hartzen. Aurten ere hala izatea gustatuko litzaidake.