Musika talde legazpiarrak autobusa antolatu du larunbat gauean Hell Dorado areto gasteiztarra jarraitzailez betetzeko. Saio hau irabaziz gero, Madrilen joko dute finalean. Azkena Rock jaialdian jotzea da saria.
Larunbat honetan hitzordu garrantzitsua dute Gasteizko Hell Dorado aretoan Iñaki Ormazabal, Andoni Dominguez, Noel Calvo eta Iñigo Caballero legazpiarrek. John Dealer & The Coconuts musika taldea Rock Party lehiaketako finalerdietara iritsi da Walnut eta Ghost Number taldeekin batera, eta larunbateko kontzertuan erabakiko da nor igaroko den finalera. Talde bakoitzak ordu erdiko saioa egingo du. Finalak apirilaren 4an eta 5ean izango dira Madrilgo El Sol aretoan; irabazten duten bi taldeek Azkena Rock jaialdi entzutetsuan jotzeko txartela irabaziko dute.
Larunbateko kontzertura gonbidapenarekin joan behar da, eta horiek internet bidez lortu behar dira,
Rock Party-ren web orriko formularioa beteta. Aretoaren edukiera 350 lagunekoa da, eta gonbidapen eskaerek edukiera gainditzen badute, zozketa bidez emango dira. Martxoaren 3an, asteartea, emango dute jakitera nork lortu duen gonbidapena.
Legazpiko musika taldeko kideek autobusa antolatuko dute larunbatean Gasteizera joateko; behin gonbidatuen zerrenda argitaratuta, autobuserako izena emateko orria jarriko dute Karibe Zaharra tabernan. Bidaiaren kostua 10 eurokoa izango da; irteera 21:00etan izango da Saturnino Telleriako errotondatik, eta itzulera, kontzertuak amaitzerakoan.
John Dealer & The Coconuts taldeko kideek “gogo eta ilusio handiarekin” prestatu dute kontzertu hau. “Horrelako areto batean lehenengo aldiz jotzeko aukera izango da, eta horregatik ordu erdi oso indartsua prestatu dugu”. Jendea animatu nahi dute kontzertura joateko, eta eskerrak eman nahi dizkiote finalerdietarako txartela lortzeko internetez beraien alde bozkatu zuen jendeari, “hau posible egiteagatik”.