Pilotak badu zer esana Legazpin
Urbeltz pilotalekua hitzorduz gainezka dago. Pilota eskolakoak banakako eta binakako txapelketetan ari dira, eta binakako herrikoia hasi berria da. Ostiralean jaialdi berezia dago.
Denboraldiko garairik lanpetuenean murgilduta dabil azken asteotan Legazpiko Gazteak pilota kluba. Gaztetxoen banakako txapelketa amaitzear da eta laster hasiko da binakakoa; helduen binakako txapelketa asteburuan hasi da; pilotari federatuek bete-betea dute egutegia; eta ostiralerako jaialdi berezi bat antolatu dute. Urbeltz pilotalekua hitzorduz gainezka dago.
Pilota eskolako kirolariak ireki dute klubaren aurtengo norgehiagoka egutegia. Urtarrilaren 31n abiatu zuten 9. banakako txapelketa, eta hurrengo astean, martxoaren 13an jokatu dituzte finalak. 2010ean jaiotako benjaminen artean, Ibai Garmendia eta Beñat Jauregi izango dira txapela lortzeko lehian (Beñat Azarola eta Beñat Kortabarria, 3. eta 4. postuak erabakitzeko borrokan); 2011ko benjaminetan, Urko Irastortza eta Iker del Rio finalean (Amets Moreno eta Marko Uranga, 3. eta 4. posturako); eta 2012ko aurrebenjaminen finalean, Ager Goikoetxea eta Aiert Orbegozo (Andoni Suarez eta Eñaut Alonso 3. eta 4.erako). Guztira 23 pilotari gaztetxo aritu dira lehian, denak pilota goxoarekin.
Txapelketa bat amaitu aurretik, beste bat ere hasiko dute asteburu honetan bertan, Legazpiko gazteen XII. binakako txapelketa. Herrikoez gain, Urretxuko Goierri, Zumarragako Beloki, eta Soraluze eta Ezkio pilota eskolako pilotariak ere aritu dira. Larunbat honetan hasita, martxoko asteburuetan ligaxkako partidak jokatuko dituzte, apirilaren 3an final laurdenak, apirilaren 24an finalerdiak eta maiatzaren 1ean, finala. Txapelketa hori aurrebenjamin, benjamin, kimu eta haur mailetako pilotarientzat da. Lehen hiru kategorietakoek pilota goxoarekin jokatuko dute, baita haurren mailako lehen fasean ere; finalerdietatik aurrera, toke erdiko pilotarekin.
Binakako herrikoian, 34
Bestetik, binakako herrikoia ere abiatu da; 14. edizioa du aurten, eta 34 bikotek hartuko dute parte. Ligaxka moduan jokatu da txapelketa, eta finala maiatzaren 1ean jokatuko da Urbeltz pilotalekuan, Santikutz jaien barruan.
Iazko txapelketa Aztiri-Lakiola (Aritz Agirre-Luis Ibarguren) bikoteak irabazi zuen, Ibar-Potolo (Iker Ibarguren-Aitor Gordo) bikoa 23-13ko emaitzarekin gailenduta ondoren. Hirugarrenak Moxkorri bikoteko Ion Agirre eta Eneko Solana eta laugarrenak Txus-Latigo (Jesus Mari Gil-Roberto Garcia) izan ziren.
Pilotari federatuak
Pilota eskolara joaten diren 45 pilotari gaztetxoez gain, federatuak ere babesten ditu klubak, 12 denboraldi honetan. Horietako batzuk txapelketa desberdinetan ari dira lehian. Nagusietan, bi bikote Udaberri sarian ari dira: lehen mailan, Josu Ibarguren eta Ion Agirre, eta bigarren mailan, Aimar Telleria eta Gorka Martin.
Gazteagoak Gipuzkoako binakakoan ari dira parte hartzen: infantil 1. mailan, Oier Altzelai eta Markel Arrizabalaga; infantil 2. mailan, Danel Aizpurua eta Julen Zabaleta (Goierri elkarteko pilotaria da); eta alebinetan, Beñat Perezek Aloña Mendi4 taldean jokatzen du, Oñatiko Lizarralderekin batera.
Klubeko pilotariak elkarren kontra ostiraleko jaialdian
Elkarren ondoan jokatzen duten pilotariak elkarren kontra ariko dira ostiral honetan Urbeltzen egingo duten jaialdian. 21:45ean hasiko dira partidak.
Lehenego partida infantil mailakoa izango da: Altzelai legazpiarra eta Oses, Arrizabalaga (Legazpi) eta Osaren kontra. Bigarrena, emakumezkoena: Legazpiko Ane Beloki eta Etxegarai, Arteaga eta Osesen kontra. Hirugarrenean, nagusiak arituko dira: Titin III.a eta Agirre (Aztiri), Merino II.a eta Ibargurenen (Lakiola) aurka.
Sarrerak salgai daude 8 euroan Urbeltz, Karibe Zaharra eta Mendi tabernetan eta Hizkuntza liburu dendan; egunean bertan leihatilan, 21:00etatik aurrera, 10 euroan.