Liburua irakurriz hasi dira Martxoaren 8aren inguruko ekitaldiak Legazpin
'Su tranpa' liburuaren irakurketa partekatua egin dute Legazpiko Chillida Lantegian 80 lagun inguruk, Emakumeen Egunaren inguruko ekitaldiei hasiera emateko. Zinea, karropoteo morea, manifestazioa eta dantza feminista dira beste ekintza batzuk.
Legazpin hasi dira Martxoaren 8ko ekitaldiak. Gaur goizean, 200dik gora lagun elkartu dira Chillida Lantokian Su tranpa izeneko liburuaren irakurketa partekatuaren inguruan. Euskadiko Irakurketa Erraza elkarteak, Urola Garaiko Berdintasun arloak eta Legazpiko Iratzarrik, Nagusilanek, Doinua musika eskolak, ikastetxeek, Buztintegik, Garaguneak eta Euskaltegiak parte hartu dute, besteak beste; guztira 14 elkarte eta erakunde, eta 80 irakurle inguru.
Nuria Martik idatzitakoa da Su tranpa, fikziozkoa, baina Martxoaren 8ko emakumeen nazioarteko egunaren jatorria diren gertakarietan du oinarria, hau da, 146 hildako utzi zituen New Yorkeko Triangle lantegiko 1911ko martxoko sutea. Historia hura irakurrita, partaideek bere alea jarri dute igandeko ospakizunari begira. Gainera, liburua irakurketa errazeko formatuan zegoenez, irakurtzeko eskubidea denena dela aldarrikatzeko ere balio izan du ekitaldiak.
Doinua Musika Eskolako ikasleen musikarekin amaitu da saioa.
Ekitaldi gehiago
Emakumeen aldeko ekitaldi gehiago ere izango dira asteburuan Legazpin. Gaur bertan, zine klub saioan, La vida invisible de Euridice Gusmao pelikula emango dute 19:30ean. Bihar, Matrakak antolatuta, karropoteo morea egingo dute 19:00etik aurrera, eta talde feminista horrek egun hauetarako ateratako poltsak, zapiak eta motxilak salduko ditu. Igandean, manifestazioa dago deituta 12:00etarako; Hegialdetik irten eta herri osoa zeharkatu eta gero, udaletxeko plazan amaituko da. Han, 13:00etan, Nerabeentzako Zerbitzuaren baitan sortutako Poweralu taldeak dantza feminista egingo du. Amaitzeko, hurrengo astean, hilaren 12an, emakumeek elkarteetan duten paperari buruzko hitzaldia egingo dute Gizarte Zentroan.