'Arrautzak nire erara', ibilbideko pintxorik onena
Beasaingo Pintxoaren Ibilbideko pintxorik onenaren saria Bodega Riojana tabernak irabazi du, bezeroen botoei esker.

Bodega Riojanaren Arrautzak nire erara mokadua aukeratu dute bezeroek pintxoaren ibilbideko onena. Pintxo erraz eta gozoa aurkeztu dute, eta publikoak eskertu egin du: arrautza frijitua piper berdeekin, txistorrarekin eta patata frijituekin izan da beraien pintxoa.
Bozkatu duten bezero guztien artean herriko dendetan gastatzeko 10 euroko hamar txeke zozketatu dira. Irabazleak hurrengoak izan dira: Margarita Martinez, Rosa Corchete, Nestor Cuadrado, Jose Luis Insausti, Itxaro Perez, Sorkunde Garmendia, Vanessa Panadero, Celia Vitores, Lourdes Perez eta Ana Mari Alfonso.
Hamar mokadu
Pintxoaren ibilbideak bost geldialdi zituen aurten, Beasaingo bost tabernek hartu baitute parte: Basakana, Bodega Riojana, Kuluska, Plazape eta Xerbera. Bakoitzak bi pintxo aurkeztu dituenez, hamar pintxo dastatzeko aukera egon da.
Mokaduak askotarikoak izan dira. Ogi tostak, bakailaoa, arrautzak, untxia, hirugiharra, azpizuna… izan dira pintxoen protagonistak. Halere, Bareak merkatarien elkartetik azpimarratu nahi izan dute garrantzitsuenak bezeroak direla eta, hortaz, eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei.