CAFek ere ezohiko neurriak hartu ditu koronabirusarengatik
Salbuespeneko neurriak hartzen ari dira kutsadura kasuak gelditzeko. Telelana sustatzen dabiltza, ahal den neurrian.
Enpresak segurtasun neurriak zorrozten ari dira koronabirusaren hedapena mozteko. Atzo hasi ziren langileen sarrera kontrolatzen, eta askok telelanaren aldeko apustua egin dute. CAFen, esaterako, progresiboki txertatuko dute telelana bulegoetan. Ezinezkoa den kasuetan, aglomerazioak ekiditeko eta garbitasuna mantentzeko neurriak iragarri dituzte: bidaiak, aurrez aurreko bilerak eta bisitak debekatu egin dituzte, jantoki zerbitzua eten egin dute eta kafe eta vending makinetako txandak mugatu egin dituzte. Prestakuntza jardueretako langileak, hala nola bekadunak eta praktiketako ikasleak, etxera bidali dituzte. Lekualdatutako langileen etxeratzea kasuz kasu aztertuko dute, eremu geografiko bakoitzaren arrisku-mailaren arabera.