«Lasai egoteko eta beldurrik ez izateko esango nieke herritarrei»
Azken egunetan herritarren artean hedatzen ari diren beldurra eta kaosaren aurrean, lasaitasun mezua eman nahi izan du Beasaingo farmazia duen Igor Odriozola botikariak.
Nola ari zarete bizitzen egunotako egoera?
Egoera oso berria da eta egia esan normala da, baita ere, herritarrek kaos puntu bat nabaritzea, bizitzen ari garen egoeraren aurrean. Telebista piztu eta tarte handia ematen ari zaio Koronabirusaren gaiari. Informazio asko jasotzen ari gara eta batzuetan ez da gaia behar bezala lantzen. Hau guztia noraino hel daitekeen ez dakigunez, eta ikusita nolako neurriak hartzen ari diren, herritarrak beldur dira, eta hori helarazten digute guri ere.
Bezeroak farmazian sartzen direnean, urduritasun hori nabaritzen ari al zarete?
Bai, hala da! Hasiera batean maskarilla eske zetorren jendea. Kontua da, maskarillek funtzio bat dutela. Gaixo daudenek eta behar duten profesionalek erabili behar dituzte. Gaixo ez dauden pertsonek ez dituzte zertan erabili.
Farmazian ikusten ari naizenarekin, sentsazio pertsonala da, behar lukeena baino harago ari dela joaten kaos egoera hau herritarren artean. Eta horregatik, oraintxe, Koronabirusarekin lotuta duden produktuak falta dira. Maskarillak izan ziren lehenik, eta desinfektatzeko gelak ere falta dira jada. Eskuak garbi mantentzea oso garrantzitsua da, eta gel hori gainean izatea aukera ona, birusa ahotik sartzea ekiditen duelako. Dena den, eskuak jaboiarekin garbitzea gomendatzen da. Produktu horiez gain, alkohola ere agortu da. Baita termometro infragorriak ere.
Egoera horren aurrean, zein da egiten duzun gomendioa?
Jendeari lasai egoteko eskatu nahi genioke. Birus honen arazoa ez da hilkortasun arrisku maila handia duela; arazorik handiena da oso erraz hedatzen dela. Birus berria da, hedatzeko erraztasun handia du, baina behin kutsatuta, arriskua ez da jendeak uste dezakeena bezain handia.
Benetako arrisku maila duten pertsonak, hau da, adineko pertsonak eta arnasketa arazoak izan ditzaketenak, horiek harrapatuz gero, ingresoa beharko lukete eta egoera horri aurre egitea izan daiteke benetako arazoa, nire ustez.
Hori momentuz ez da iritsi, beraz herritarrei luzatu beharreko mezua da, lasai egon daitezela, ez dela beldurra izan behar, birus bat baino ez dela, gomendioak jarrai ditzatela, eta hau ezin zaigula eskuetatik joan.