Lazkaon lurpeko garajeen beste eraikuntza bat egitea eskaini du udalak aimar maiz
Lazkaoko Gurutze auzuneko 3. eta 4. dorreen eta Hirigoien 20-26 etxe-blokearen arteko plazaren azpian lurpeko aparkalekuak egiteko egitasmoa aurkeztu du Lazkaoko Udalak. Denera 38 garaje itxi izango lituzke, 18 metro koadro ingurukoa bakoitza (5,6 metro luzean eta 3 zabalean). Lanak hasi aurretik, ordea, bizilagunen aldetik erosteko zer aldarte dagoen jakin nahi du udalak, gutxieneko eskaera kopuru bat ez badago, kasu horretan ez delako egingo.
Garaje itxi bakoitzaren salmenta-prezioa 21.500 euroan jarri du udalak, gehi dagokion BEZa. Interesa duenak udaletxean izena eman behar du (943 08 80 80; gurutze@lazkao.eus edo harreran 08:00-18:00 astegunetan eta 08:00-12:00 zapatuetan).
Izena emateko epea martxoaren 31ra artekoa da. 2018an antzeko prozesua abiatu zuen udalak, Gurutze 1-2 dorreen aurrean. Enpresa batek hartu zuen orduan eraikuntzaren eta garaje salmenten esleipena.
Eremua urbanizatu
Lurpeko garajeak eraikitzeko proiektuarekin batera, etxarte osoa berrituko dute. Oraingo kanpoko aparkalekuak berrantolatuko dituzte, baita plazatxoaren erdiko eremua ere.
Lurpeko garajeetarako sarrera Agauntza erreka ertzeko kaletik izango da, 3 eta 4 dorre tartetik.













