Miguel Bilbaok collage eta pintura erakusketa egingo du Urretxun
Erakusketa gaur irekiko da, Juan de Lizarazu aretoan. Hilaren 29a arte egongo da zabalik. Artista zumarragarrak margolan abstraktuak egin ditu lehen aldiz
Miguel Bilbao Beraza artista zumarragarrak + Mix erakusketa irekiko du gaur Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, collage-ak eta margolan abstraktuak erakutsiko ditu. Erakusketa hilaren 29a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17:30etik 20:30era.
Bilbaok umetatik atsegin du margotzea eta mutikotan Felix Vaquerizaren eskoletara joan zen. 3 urte eman zituen Vaquerizarekin. Institutua utzi ondoren, mekanikari eta tabernari lanetan aritu zen. Ondoren, soldadutza egin zuen. Soldadutza amaitu zuenean, Bartzelonara joan zen zen. Bertan argentinar baten komiki eskoletara joan zen. 1990eko hamarkada hasieran Artelekura joan zen. Serigrafia ikasi zuen bertan.
Zumarragako artistak denetik egin du. Urretxuko gaztetxe zaharrean argitaratzen zuten El piojo rojo aldizkariko kolaboratzailea izan zen, adibidez: Johnny Bakalao komikia egiten zuen. Serigrafia tailer bat ere eduki zuen, Urretxuko Udalak artistei utzitako lokal batean. Azken urteetan alokatutako lokaletan lan egin du, Urretxuko eta Zumarragako beste artista batzuekin batera. «Collage-ak etxean egin daitezke, baina margotzeko lokal bat behar duzu», dio.
Duela gutxira arte, azkenaldian egindako lanetako batzuk Ezkioko Argindegi ostatuan ikusgai izan ditu. Izan ere, Bilbao Ezkioko postaria da duela 20 urte baino gehiagotik. «Josu Landa ostatuko nagusiarekin oso harreman ona dut eta lanak hainbat hilabetetan ikusgai egongo dira».
Gaurtik aurrera bere lanak Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan ikusi ahal izango dira. «Collage-ak, tamaina ezberdinetako margolanak, margotutako poltsak… ikusi ahal izango dira. Margolan batzuk abstraktuak dira. Figuratiboa alde batera utzi nahi nuen. Pentsatu gabe margotu. Instintiboki margotu. Margotzen nuenari zerbaiten antza hartzen banion, ezabatu egiten nuen. Urte asko daramatzat beste era batera margotzen eta erronka handia izan da». Katalogoko argazkiak Txomin de Domingo lankideak atera ditu eta Bilbaok eskerrak eman nahi dizkio. Margotzea Bilbaoren zaletasun nagusia da. «Hori da gustatzen zaidana. Jolas baten modukoa da eta primeran pasatzen dut. Ez da beste munduko ezer. Aktibatzen nauen zerbait, besterik ez».