Mugitzeko askatasuna mugatu du Sanchezek
Soilik botikak eta elikagaiak erosteko, osasun zentroetara, banketxeetara eta lantokietara joateko eta zaintza lanak egiteko irten ahalko da kalera. Oinarrizko saltokiak besterik ezingo dira ireki.
Goierritarren mugitzeko eskubidea murriztu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak. Behar beharrezkoa denean irten ahalko da kalera, botikak eta elikagaiak erosteko, osasun zentroetara, banketxeetara eta lantokietara joateko eta zaintza lanak egiteko. Saltoki gehienak itxita egongo dira, soilik oinarrizkoenek zabalduko baitute: farmaziak, ortopedia eta elikagai dendak, kioskoak, estankoak, ile apaindegiak, dentistak, albaitariak… Museoak, artxiboak, kirol eta kultur ikuskizuna, ostalaritza establezimenduak… itxita egon beharko dira.
Gutxienez, hamabost egun iraungo du neurriak. Gehiago luzatu behar izanez gero, Espainiako Kongresuak oniritzia eman beharko du.