Ohi baino jende gutxiago, baina normaltasuna
Jendea lasai irten da kalera. Batzuk kirola egiteko aprobetxatu dute, tabernetako tarrezetan zerbait hartu duenik ere badago eta gehiengoak erosketak egiteko baliatu du goiza.
Goierri alarma egoeran dagoen arren, konfinamendurik ez dago ezarrita. Hala, jendea normaltasunez irten da kalera. Egia da ohi baino jende gutxiago dabilela, baina inondik inora ez da esan kaleak hutsik daudenik. Gainera, jendea lasai nabari da.
Zumarragan ez da larunbatetako azokarik egin. Pilaketak ekiditeko hartutako neurria da, eta hein batean lortu dute: plaza hutsik zegoen, baina supermerkatuetan ilarak osatu dira. Denda eta taberna gehiengoa ere zabalik dago. Eguraldi onaz gozatuz terrazetan zerbait hartu duenik ere badago.
Askok kirola egiteko aprobetxatu dute. Kiroldegiak itxita dauden arren, asko irten dira mendira eta bizikletan. Haur parkeetan, aldiz, ia ez dabil inor, eta aire libreko kantxak ere hutsik daude orokorrean.