Ilara luzeak eguzkipean
Goierriko supermerkatuetan ilara luzeak izan dira goizean, astebururako erosketak egitera atera diren herritarrez osatuta
Martxoak 21 dituen honetan, konfinamenduko lehenengo astea bete da. Eta horrekin batera, udaberria dator. Egun eguzkitsua atera da sasoi berriari hasiera emateko, baina gozatzeko aukerarik ez dute izango herritarrek, etxean geratzeko aginduak bere horretan jarraitzen baitu. Erosketak egiteko eguna dela erabaki dute askok; Goierriko supermerkatuetan ilara luzeak izan dira goizean, astebururako erosketak egitera atera diren herritarrez osatuta.
Olaberriako Carrefour supermerkatuak ez ohiko antolamendua ezarri du koronabirusaren hedapena ekidite aldera; ohiko sarrera nagusia irteera da orain, eta N1era ematen duen atea egokitu dute erosleak bertatik sar daitezen. Ordiziako Eroskin ere antzeko neurriak hartu dituzte eta, Olaberrian bezalaxe, zaindari bat dabil eremua kontrolatzen eta herritarrei ilarak mantendu ditzaten esaten. Halere, lasaitasuna da nagusi erosleen artean; ilarak izan ohi direna baino luzeagoak dira gutxienez metro bateko tartea uzten dutelako pertsona batetik bestera. Eguzkia lagun izanda atseginagoa da itxaronaldia.
Olaberrian dagoen Lidl supermerkatua, aldiz, hutsik dago; ixteko erabakia hartu zuten atzo arratsaldean. Goizean ere bezeroentzako zerbitzurik ez zuten eskaini, baina langileak lanean aritu ziren. Astelehenean berriz irekiko dute. Lidl-ak bezala, kaleek hutsik jarraitzen dute, baina arratsaldean baino jende gehiago dabil erosketak direla eta. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kontrolak eta abisuak dira 2020ko udaberri hasiera honetan entzungo den soinu banda.