Sormena partekatu dute Seguran
Segurako Udalak sormena partekatzeko deia egin die herritarrei, konfinatuta eman behar dituzten egunak eramangarriagoak egiteko. Koarentena amaitzean, herriko produktuez osatutako saskia zozkatuko dute parte hartzaileen artean.
Alarma egoera dela eta, konfinamendua arintzeko ekimena jarri du martxan Segurako Udalak. Herritarrak haien sormena partekatzera deitu dituzte, eta udalak dituen sare sozialetan elkarbanatu dituzte orain arte jasotako ideiak.
Eskulanak egin dituzte batzuek; paper biribilkiak erabiliz egindako panpinak, lastotxoz eginiko bizikleta, margotutako latorrizko ontziak edo eskumuturrekoak. Beste batzuk, berriz, sukaldari lanetan aritu dira. Pintxo pote lehiaketa egin dute herriko etxe batzuen artean, eta brownie-a egiteko errezeta ere partekatu du beste batek. Konfinamendua amaitzen denean, herriko produktuez osatutako saski bat zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean.