Bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketa zerbitzua eten du Sasietak
Bihartik aurrera, "bestelako abisurik jaso arte", Sasieta Mankomunitateak ez du bolumen handiko etxeko traste zaharrik bilduko.
Koronabirusaren hedapena saihesteko, bihartik aurrera, eta “bestelako abisurik jaso arte”, Sasieta Mankomunitateak bertan behera utzi du bolumen handiko etxeko traste zaharren bilketa zerbitzua. Herritarrei deia luzatu diete, hondakin horiek etxean gorde eta kalera atera ez ditzaten.
Bestalde, Sasietak gogoratu duenez, Urretxu, Beasain eta Ordiziko garbiguneak irekita daudela, “baina gremio profesionalak eta udaletxeetako zerbitzuak atenditzen dituztela soilik”. Beraz, herritarrei garbiguneak ez erabiltzeko deia egiten zaie ezinbestekoa ez bada.
Hori bai, Ordiziko eta Urretxuko garbiguneetan etxeko animalien (maskoten) gorpuak normaltasunez jasoko dira.