Gure onena emateko garaia
Adituen ustez, aste honetan kale edo bale egingo dugu. Onena emanez gero, eguzkia ikusten hasiko gara. Urretxuko alkateak ahalegin berezia eskatu die herritarrei.
Adituen arabera, aste honek berebiziko garrantzia du: gure onena ematen badugu, lehen eguzki printzak ikusiko ditugu. Hori dela eta, Jon Luqui Urretxuko alkateak ahalegin berezi bat eskatu die herritarrei.
Luqui gustura ageri da herritarrek orain arte izan duten jarrerarekin. «Udaltzainek, ikasleen sarrera-irteerak zaindu behar ez dituztenez, denbora gehiago dute kalean ibiltzeko. Jendea kontzientziatzen ari da eta kalean arrazoi berezirik gabe dabilen jende kopuruak behera egin du. Orain arte ez da arazo berezirik egon eta jendeari arduraz jokatzen jarraitzeko eskatu nahi diot. Izan ere, aste hau oso garrantzitsua izango da», gogoratu du Urretxuko alkateak.
Udala ere arduraz jokatzen ari da. «Berehala, langile asko etxera bidali eta zerbitzu minimoekin gelditu ginen. Gure lehentasuna behar gehien dutenei laguntzea da. Hori dela eta, eguneko zentrokoekin, etxez etxeko laguntza zerbitzukoekin eta 75 urtetik gorako gainontzeko guztiekin hitz egin dugu. Familiak saretu egin dira eta gure laguntza behar duten 10 bat lagun bakarrik identifikatu ditugu oraingoz. Gehienak bakarrik bizi diren adineko emakumeak dira. Udal langileen laguntza dute eta lagundu nahi duten herritarrek ere laguntzeko aukera dute».
Tasak eta zergak
Herri batzuetan udal tasa eta zergetan aldaketak onartu dituzte eta Urretxuko Udalak aste honetan landuko du gai hori. Garbiketari dagokionez, edukiontzien eta denden kanpoaldearen garbiketa bereziki ari dira zaintzen. Bestalde, egun hauek garbiketa bereziak egiteko baliatu dituzte. Aurreko egunetan kiroldegiaren garbiketa sakona egin dute eta ondorengo egunetan haurrentzako parkeak garbituko dituzte.
Luquik «pazientzia» eskatu die herritarrei. «Zenbat eta hobeto egin gauzak, orduan eta gutxiago iraungo du egoera honek. Bestalde, konfinamendua bukatzen denean, aste batzuk beharko dira egokitzea egiteko. Lurreratzea luzea izango da. Herriko dendetan erostea garrantzitsua izango da. Udala ere merkatariei laguntzen saiatuko da».
Eta herritarrek zer diote? Egunotan herritarrekin harreman gehien dutenak janari saltzaileak dira. Mila de Pedrok janari-denda bat du Iparragirre kalean. «Ahalik eta gehien babesten ari naiz: maskarilla eta eskularruak erabiltzen ditut eta manpara bat eskatu dut. Hasieran beldur gutxiago nuen, baina geroz eta gertuago ikusten dugu. Gainera, ez dago jakiterik nork duen: aurrean dudanak, nik neuk…».
Herritarrak distantziak errespetatzen dituztela dio. «Hasieran jendeak pasatzen ari nintzela esaten zidan, baina orain eskerrak ematen dizkidate denda zabalik edukitzeagatik, animoak ematen dizkidate… Saltzaileak arriskutan gaude, baina ilaran dauden erosleak ere bai».
Erosketa ohiturak aldatu egin direla dio. «Janari-denda handietan ilara luzeak daudenez, jende askok nirea bezalako denda txikietan erosten du janaria. Erosketak ahalik eta azkarren egiteari ematen diote garrantzia eta dagoena eramaten dute. Berdin zaie marka bat edo bestea erosi».