Izal Bai udal taldeak hainbat neurri eskatu ditu koronabirusaren krisiari aurre egiteko
Izal Bai udal taldeak elkarlana eskaini dio alkateari "egoera larri honen aurrean". Udal tasen eta zergen epeak luzatzeko eskatu du, besteak beste.
Covid-19a izaten ari den eragina ikusita eta “Eudelek egindako gomendioak ikusita”, hainbat eskari egin ditu Izal Bai udal taldeak “herritarron onerako”. Era berean, “egoera larri honetan ere Izal Bai udal taldeak elkarlana eskaini dio alkateari”.
Batetik, udal tasa eta zergetan epeak luzatzea. Bestetik, udal lokalak erabiltzen dituzten eta kaltetuak izan diren autonomo eta enpresa txikiei alokairua itzultzea edo ez kobratzea. Hirugarrenik, kultur eta kirol jardueretako tasak itzultzea, “etenaldian egon diren egunen proportzioan”. Eta azkenik, kaleak eta jendeak gehien ukitzen dituen elementuak ondo garbitu eta desinfektatzea, maiztasun handiarekin.
Bestalde, Izal Baik jakinarazi duenez, “Ekonomia garapen batzordetik, aurtengo komertzioen diru laguntzak egoera honek sortu duen kalte ekonomikoa nolabait baretzera bideratzeko lanean ari da”.