Laguntzaileentzat bekak eskainiko dituzte Beasainen
Gipuzkoa, Bizkaia edo Arabako GKE batean gutxienez hilabete bateko egonaldia egingo duten beasaindarrentzat da diru laguntza
Beasaingo Udalak gazte laguntzaileentzako beken deialdia ireki du. Gipuzkoa, Bizkaia edo Arabako gobernuz kanpoko erakunderen batekin garapeneko lankidetza ekintzetan ariko diren beasaindar gazteei bideraturiko diru laguntza da.
Garapenerako lankidetza eta herrialdeen eta kulturen arteko elkartasun baloreak sustatzea du helburu bekak. Parte hartu ahal izateko, eskaera egin aurretik 18 urte beteta izan behar dituzte gazteek, eta gutxienez urtebete lehenagotik Beasainen erroldatuta egon behar dute. Bestalde, edozein GKErekin lan harremanik ez dute izan behar. 13.332,50 euro bideratuko dituzte beka hauetara.
Harrera programak ere bai
Garatze bidean dauden herrialdeetako haurrak epe baterako hartzen dituztenei ere eskaini dizkie bekak Beasaingo Udalak. 11.667,50 euro bideratuko dituzte harrera programetan parte hartzen duten familiei emateko.
Interesdunek udaletxean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, 07:30etik 14:30era bitartean, maiatzaren 31 baino lehen. Eskatzaileari agiriren bat falta bazaio, 10 egun naturaleko epea emango zaio dokumentuak osatzeko.